Ertzainek 28 urteko gizon bat atxilotu dute Arabako hiriburuan, haxixa zuten eta ustez saltzeko prestatuta zituen banako 16 dosi aurkitu dizkiotelako. Lehentxeago, emakume bati deskuiduan egindako lapurreta batean parte hartu zuen beste bi pertsonarekin batera. Atxilotua eta ebasketan parte hartu zuenetako beste bat ikertu egin dituzte.
Atzo arratsaldeko ordu bata laurden gutxi aldera, Ertzaintzari jakitera eman zioten espainiar nazionalitateko 87 urteko emakume bati lapurreta egin ziotela Gasteizko Txagorritxu auzoan oinez zihoanean.
Herritarrak babesteko lanetan ari zen patruila bat bertaratu zenean, emakumeak eta lekuko batek agenteei esan zieten lapurrak hiru izan zirela. Hiru gizonak biktimari hurbildu zitzaizkion eta harekin hizketan hasi ziren eta besarkada bat ematen saiatu ziren. Horrela, deskuiduan, poltsan zeraman diru-zorroa kendu eta berehala alde egin zuten.
Esku hartu zuten ertzainek inguruko lonja batean aurkitu zituzten ustezko bi inplikaturen deskribapen fisikoarekin bat zetozen bi gizon. Identifikatu ondoren, batek zeraman gerriko poltsan kolore marroiko substantzia prentsatu bat (haxixa) zuten plastikozko 15 bilgarri aurkitu zituzten. Arropa artean antzeko beste dosi bat ere bazeraman, eta osasun publikoaren aurkako delitu batengatik atxilotu zuten, beraz. Atxilotua magrebtar jatorriko 28 urteko gizona da.
Gainera, polizia-eginbideak ireki dizkiete ikertu gisa, ebasketa-delitu batengatik, bai atxilotuari bai lokalean identifikatu zuten magrebtar jatorriko 23 urteko bigarren gizonari, emakumeari diru-zorroa lapurtzeagatik. Ertzaintzak zabalik du ikerketa delitu horretan inplikatutako hirugarren pertsona aurkitzen saiatzeko.
Atxilotuak laster agertu beharko da epailearen aurrera.
Haxixarekin trafikatzen harrapatu dute Zaramaga auzoan
Bestalde, atzo, astelehena, arratsaldeko zortziak baino lehentxeago, Gasteizko Ertzain-etxeko patruila batek bi pertsonaren arteko ustezko droga-pase bat ikusi zuen Zaramaga auzoan herritarrak babesteko prebentzio-lanetan ari zenean. Ikusi egin zituztela konturatu zirenean, saltzailea korrika ihes egiten saiatu zen, eta agenteetako batek atzeman zuen.
Hamabost bat gramoko haxix-zati prentsatu bat saltzen saiatzen ari zela egiaztatu ondoren, droga-trafikoagatik atxilotu zuten.
Atxilotua, magrebtar jatorriko 32 urteko gizona, gaur, asteartea, eramango dute epaitegira, beharrezko polizia-izapideak amaitu ondoren.