Ertzaintzak 4 gizon atxilotu ditu Donostiako Alde Zaharrean droga-trafikoa egotzita

Ertzaintzako agenteek lau gizon atxilotu zituzten atzo goizaldean, larunbata, Gipuzkoako hiriburuan, droga-trafikoaren delitua egotzita. Atxiloketetan Donostiako Udaltzaingoak lagundu zuen.

Donostiako ertzain-etxeko uniformerik gabeko agenteek, delitu-egitateak ikertzeko eta prebenitzeko eginkizunetan, bi gizon ikusi zituzten, abuztuaren 16ko goizaldeko hirurak aldera, hainbat herritar-talderengana hurbiltzen, substantzia estupefazienteak eskaintzera. Norbaitek eskaintza onartzen zuenean, substantzia hori ematen zien hirugarren gizon batengana joaten ziren, eta, dirua kobratu ondoren, laugarren gizon bati ematen zioten dirua, eta hark gorde egiten zuen.

Ikusitakoaren aurrean, esku hartu zuten agenteek laguntza eskatu zioten tokian bertan zegoen Udaltzaingoari, egileak bertatik eramateko eta identifikatzeko lanetan laguntzeko, egileak leku jendetsu batean baitzeuden.

18 eta 33 urte bitarteko lau gizonak droga-trafikoko ustezko delitu bat egotzita atxilotu zituzten; horietatik, substantzia estupefazientea zeramana, ustez estasia zena, 24 urtekoa zen, aurrekariak zituen antzeko gertakariengatik, eta, era berean, 21 urteko diru-hartzaileari agintaritzaren agenteen aurkako atentatua ere leporatu zioten, atxiloketari aurre egin ziolako.

Jarduketan, agenteek ustezko estupefaziente-pilulak, estasia eta dirua konfiskatu zituzten.

Atxilotuak ertzain-etxera eraman zituzten, eta atzo, larunbata, epailearen esku utzi zituzten.