Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Bizkaiko enpresetan lapurreta egiteagatik


25_0641 Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Bizkaiko enpresetan lapurreta egiteagatik

Araban egindako beste lapurreta batzuetan parte hartu ote duen ikertzen ari dira

Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Bizkaiko enpresetan lapurreta egiteagatik

Servicio de prensa

2025-09-25

Bizkaiko Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuko ertzainek enpresetan lapurretak egiten zituen talde baten burua atxilotu dute Santurtzin.

Atzo goizean Santurtzin atxilotu zuten gizonari Bizkaiko hainbat herritan egindako zazpi lapurreta leporatu dizkiote gutxienez. Pertsona hori enpresetan lapurreta egiten espezializatutako hiruzpalau pertsonak osatutako talde baten burua zen. Delitugileek pertsona zaurgarrien izenean jarritako ibilgailu zaharrak erabiltzen zituzten enpresetan alunizaje bidez sartu eta barruan material industriala eta erremintak lapurtzeko. Hainbat lapurretatan erabili ondoren, abandonatu eta beste ibilgailu batzuk hartzen zituzten. Atxilotuari leporatzen dizkioten gertaerak hil honen, irailaren, hasierakoak dira.

Enpresen legezko arduradunek jarritako salaketetan oinarrituta egindako ikerketen ondorioz, atzo atxilotu zuten taldeko burua Santurtzin, eta gaur goizean jarri dute epailearen eskuetan, Barakaldoko epaitegian. Era berean, maiatzean eta ekainean Bizkaiko eta Arabako enpresetan egindako beste hamabost lapurretarekin ere lotu dute.

Ikerketa Kriminaleko Zerbitzuko agenteek zabalik dute ikerketa, lapurretetan inplikatutako gainerako pertsonak identifikatu eta atxilotzeko.