Ertzainek hiru gizon atxilotu dituzte gaur goizaldean, Aguraingo enpresa baten barruan disko-makina batekin metalezko pieza batzuk mozten aurkitu ondoren.
Bart gaueko hamabi eta erdiak aldera, partikular batek SOS Deiak 112 zerbitzura deitu du, Aguraingo enpresa baten barruan pertsona batzuk zeudela eta lapurretan ari zirela susmatzen zuela esanez.
Bertaratu diren patruilek ikusi dute txinpartak ateratzen zirela gaur egun jarduerarik ez duen pabiloi batetik, eta barruan linterna-argiak ikusi dituzte. Barrura sartu direnean, hiru gizon aurkitu dituzte, eta hauek ihes egin dute polizia ikustean. Hala ere, handik laster aurkitu eta atxilotu dituzte enpresako gela batean.
Ondoren, lekua miatzean, enpresan sartzeko perimetroko hesiaren zati bat moztu dutela egiaztatu dute. Agenteek bi disko-makina, ekipo elektrogeno bat eta atxilotuak altzairuzko hodi batzuk mozteko erabiltzen ari ziren hainbat erreminta aurkitu dituzte.
Susmagarriek mugitzeko erabilitako furgoneta inguruan aurkitu dute, eta barruan metalezko pieza ugari aurkitu dituzte. Ertzaintza horien jatorria ikertzen ari da.
Polizia-aurrekariak dituzten 19, 25 eta 32 urteko atxilotuak dagozkion polizia-eginbideak amaitu ondoren jarriko dituzte agintari judizialaren eskuetan.