Segurtasuneko sailburua eta Getxoko alkatea bildu egin dira segurtasunari buruzko gaiak aztertzeko

Segurtasuneko sailburua eta Getxoko alkatea bildu egin dira segurtasunari buruzko gaiak aztertzeko
Reunión de seguridad Bingen Zupiria en el ayuntamiento de Getxo.

Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburua eta Amaia Agirre Getxoko alkatea Getxoko udaletxean bildu dira gaur goizean, udalerriko segurtasunarekin lotutako gaiak aztertzeko.

Zupiriarekin batera, Luken Cerro Ertzaintzaren Bizkaiko lurralde-burua eta Joseba Andoni Expósito Getxoko ertzain-etxeko nagusia izan dira bileran. Getxoko alkatearekin batera, Keltse Eiguren Segurtasuneko zinegotzia eta Tomás Santín udaltzainburua izan dira.

Euskal Poliziaren (Ertzaintza eta Udaltzaingoa) datuen arabera, Getxon, 2025ean, 3.590 delitu erregistratu ziren, aurreko urtean baino % 4,60 gutxiago. Delitu presentzialak 2.624 izan ziren, hau da, 2024an baino % 6,12 gutxiago. Ziberdelituek ere behera egin zuten, % 0,21.

Euskal Poliziak erregistratutako delituen artean, familia-eremuko tratu txarrak erdira jaitsi dira, sexu-askatasunaren aurkako delituak ere zertxobait jaitsi dira (% 6,06), eta horien artean sexu-erasoak % 25 murriztu dira. 2025ean, ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren aurkako delituak ere nabarmen jaitsi ziren ( % 10,6 gutxiago), 200 gutxiago.

Getxoko delinkuentzia-tasa 1.000 biztanleko 47,86koa da, 2024koa baino puntu bat txikiagoa, eta Euskadi osoko batez bestekoa baino 23 puntu baxuagoa.

Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak Ertzaintzaren eta Getxoko udaltzaingoaren lankidetzaren garrantzia azpimarratu du, 2025ean erregistratutako delituen kopuruaren jaitsieran islatu baita.

Bestalde, Amaia Agirre alkateak azpimarratu duenez, «Getxo kriminalitate- eta delitu-tasa txikiena duen Bizkaiko udalerri handienetako bat da. Getxoko Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko lan koordinatua funtsezko faktorea da gure udalerriko eta Getxoko kaleetan bizi, lan egin eta paseatzen duten pertsonen segurtasunerako «.