26_0133 Ertzaintzak 2000ko otsailaren 22an ETAk hil zuen Jorge Díez Elorza ertzaina omendu du
Ertzaintzak 2000ko otsailaren 22an ETAk hil zuen Jorge Díez Elorza ertzaina omendu du
Prentsa zerbitzua
2026-02-22
Ertzaintza Díez Elorza familiarekin batera izan da gaur, ETAk ertzaina hil zuenetik 26 urte bete direnean, Gasteizen egin zaion omenaldian. Lore-eskaintza eguerdiko 12:00etan egin da Askatasunaren Lorategian, bere omenez jarritako monolitoaren ondoan.
Jorge Díezek 26 urte zituen eta Ertzaintzako Babes Unitateko (Berrozi) kidea zen. Fernando Buesa politikariaren bizkartzaina zen 2000ko otsailaren 22an ETAk Arabako hiriburuan biak hil zituenean espaloitik oinez zihoazenean bonba auto bat leherrarazita.
Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendaria eta Josu Bujanda Ertzaintzaren burua, beste agintari batzuez eta Jorge Díez Elorzaren lankide agenteez gain, omenaldira joan diren familiakoen eta senideen ondoan izan dira, eta bertan lore-eskaintza eta minutu bateko isilunea egin dituzte.
Oroimen-ekitaldia Ertzaintzaren unitate eta polizia-zentro guztietan ere egin dute gaur eguerdian, eta minutu bateko isilunea egin dute hildako ertzainaren oroimenez.
15 agente hil zituen ETAk
Ertzaintzako 15 agente hil zituen ETAk 1985etik 2001era bitartean:
- Carlos Díaz Arcocha (1985).
- Genaro García de Andoain Larrinaga (1986).
- Juan José Pacheco Cano (1988).
- Luis Hortelano García (1989).
- Alfonso Mentxaka Lejona (1991).
- Joseba Goikoetxea Asla (1993).
- José Luis González Villanueva (1995).
- Iñaki Mendiluze Etxeberria (1995).
- Ramón Doral Trabadelo (1996).
- José María Aguirre Larraona (1997).
- Jorge Díez Elorza (2000).
- Mikel Uribe Aurkia (2001).
- Iñaki Totorika Vega (2001).
- Javier Mijangos Martínez de Bujo (2001).
- Ana Isabel Arostegui Legarreta (2001).