Ingurumenak malgutu egiten du Urbasa eta Andia parkeko araudia, erabilera tradizionalekin bateragarriak diren jarduera berriak sustatzeko

Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, Urbasa eta Andia parkearen araudia malgutzen duen foru dekretua onartu du, zonaldearen kontserbazio helburuekin bateragarriak diren jarduera berriak bultzatzeko helburuarekin. Helburua da jardueren kudeaketa iraunkorra sustatzea eta parkearen erabilera tradizionalak ezagutaraztea eta horiei balioa ematea. Erabilera horiek baso-baliabideen aprobetxamendua eta larratze estentsiboa dira, eremu horretan urtero sartzen diren 40.000 abelburuengatik eta 340 abeltzaintza-ustiategiengatik, gutxi gorabehera. Egindako aldaketak aukera ematen du bioekonomiaren eremuari lotutako merkataritza-jarduera berriak eta ingurumen-hezkuntzako eta -sentsibilizazioko ekimenak baimentzeko, landa-dinamizazio errespetuzkoa bultzatzeko azken helburuarekin.

Araudia eguneratzeko ekimena burutu da Parkearen Patronatuak egindako eskaera sozialari erantzuteko. Hain zuzen ere, organo aholku-emailea da Patronatua, eta honako erakunde hauetako ordezkariek osatzen dute: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa, Toki Erakunde mugakideak, Urbasa-Andiako Larreen Batzordea, Mendi Mugakideen Batzordea eta Nafar Mendi Federazioa, beste eragile batzuen artean.

Onartutako foro dekretuak Urbasa eta Andiako Natur Baliabideak Antolatzeko uztailaren 1eko 267/1996 Foru Dekretuaren bidez onartutako Plana aldatzen du. Aldaketa jatorrizko dekretuaren 21. artikuluari dagokio, Parke Naturalean merkataritza-jardueren debekuen eta baimenen gaineko araubidea jasotzen duena. Aldaketa horrekin, beraz, aukera izango da baimendu daitezkeen jarduera batzuk garatzeko, Parkearen Erabilera Publikoko Plana (2021ean onartua) indartzen eta ezartzen lagun dezaten, edota urriaren 8ko 228/2007 Foru Dekretuaren bidez Urbasa – Andia Kontserbazio Eremu Berezia (KEB) Kudeatzeko onartutako Planarekin (egun berrikusten ari dira) loturiko neurriak garatzeko. Halaber, aldaketaren beste motibazioetako batzuk bioekonomia eta landa-garapena bultzatzea dira.

Jarduerak burutzeko, Nafarroako Gobernuan Ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuak baimena eman beharko du, eta bateragarriak izan beharko dute balio naturalen kontserbazioarekin eta Urbasa-Andia KEBren Kudeaketa Planean proposatutako neurriekin.
Aldaketa jakinarazi zaio Parke Naturalaren Patronatuari, eta Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren bermea du, 2025eko ekainaren 6an adostasuna eman baitzuen.

Urbasa eta Andiako Baliabide Naturalak Antolatzeko Plana duela 30 urte bultzatu zen, 21.000 hektareako eta Nafarroako ipar-mendebaldean, Arabako mugan, kokatutako Parke Natural horren balio naturalak kontserbatzea bermatzearren. Onartu zenetik denbora bat igaro denez, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak uste izan du araua eguneratu egin behar zela, Parke Naturalaren Patronatua osatzen duten sektoreek ere adierazitako eskaerari erantzutearekin batera.

Aldatutako araudiak jada baimena ematen zuen, aurrez baimen hori izanda, inguruko biztanleek kudeatutako artisau-produktuak saltzeko postuak instalatzeko, indarrean zeuden ostalaritza-establezimenduek bertan lanean jarraitzeko betiere ezarritako araudia betetzen bazuten, freskagarriak eta izozkiak saltzeko postuak jartzeko horretarako prestatutako lekuetan  nahiz Urbasa Jauregia turismo-helburuekin erabiltzeko, betiere eraikitako azalera handitzea eskatzen ez badu.