26_0284 Joko-aretoetako erruleta-makinak manipulatzen zituen talde kriminal bateko burua atxilotu dute Irunen

Ertzaintzak 29 urteko gizon bat atxilotu zuen joan den ostegunean Irunen, joko-areto batean makinak manipulatzen harrapatu ondoren. Atxilotu zutenean, egun horretan lapurtu zituen 31.000 euro baino gehiago zeramatzan, eta aurreko egunean antzeko beste lapurreta bat egin zuen joko-enpresa berarena den Gipuzkoako hiriburuko beste lokal batean. Gizona talde bereko beste bi pertsonak lagunduta zegoen gutxienez, eta bi pertsona horiek ihes egin zuten, eta ikerketa zabalik dago, beraz. Bi kasu horiez gain, Ertzaintzak Gipuzkoako hainbat herritan egindako beste bost lapurreta leporatzen dizkio taldeari, eta lapurtutako zenbatekoa guztira 370.000 eurokoa da. Atxilotua espetxeratu egin dute.

Joan den ostegunean, eguerdiko ordu bata aldera, polizia agertzeko eskatu zuten Irungo joko-areto batean, pertsona batzuk lapurretan ari zirela esanez. Inguruan zaintza-lanetan ari zen herritarren babeseko dotazio bat berehala hurbildu zen adierazitako lekura, eta, iritsi zenean, gizon bat ikusi zuten establezimendutik korrika irteten, bertako langile bat atzetik zuela.

Une horretan, zerbitzuz kanpo inguruko terraza batean zeuden bi ertzainek, egoeraz jabetu zirenean, susmagarria geldiarazi zuten, eta, azkenean, uniformedun patruilak atxilotu zuen. Agenteak gizona identifikatzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu, faltsututako hainbat dokumentu baitzeramatzan.

Susmagarriak 50 euroko billete-sorta ugari zeramatzan jantzien poltsikoetan, eta 31.000 eurotik gora konfiskatu zizkioten. Bere gauzen artean aliketak, alanbre-biribilki bat eta kako forma zuen alanbre zati bat aurkitu zizkioten, ustez, lokaleko beste makina batzuen artean, erruleta behartzeko erabili zituenak, eta hainbat sari garrantzitsu kobratzea lortu zuen.

Beharrezko frogaketak egin ondoren, indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta atxilotu zuten, eta polizia-egoitzan egiaztatu ahal izan zuten magrebtar jatorriko 29 urteko gizona zela. Jakin ahal izan zenez, horrelako manipulazioetan aritzen den talde kriminal baten burua da, eta gutxienez beste bi kidek lagunduta jardun zuen, eta bi laguntzaileek ihes egitea lortu zuten detektatu egin zituztela konturatu zirenean. Antza denez, bezperan antzeko beste lapurreta bat egin zuten enpresa beraren beste lokal batean, Donostian, eta bertako arduradunek adierazi zutenez, sari-banaketa irregularrez ohartu ziren, eta lapurtutako diru kopurua, guztira, 48.000 euro baino gehiagokoa zela uste zuten.

Antza denez, talde kriminalaren buruak erruleta erako makinetako babes-estalkiak zulatzen zituen eta alanbre edo hagaxka bat sartzen zuen bolaren biraketa normala aldatzeko helburuarekin, aurrez erabakitako zenbaki jakin batean gelditzera behartuz. Aurretik, koordinatuta, zenbaki horren aldeko apustua egiten zuten, eta lokalen arduradunei sinestarazten zieten sariak legez lortu zituztela, eta gero kobratu egiten zituzten. Joko-aretoetan sartzeko, taldeak hainbat agiri faltsu erabiltzen zituen, eta taldeko kideek bereizi gabe erabiltzen zituzten, identifikatzea eta jarraipena egitea zailtzeko.

Ikerketak zabalik jarraitzen du ihes egin zuten laguntzaileak aurkitzeko, eta ez da baztertzen taldea antzeko beste delitu-egintza batzuetan inplikatuta egotea.

Beharrezko izapideak amaitu ondoren, atxilotua Agintaritza Judizialaren eskuetan jarri zuten, eta honek espetxeratzeko agindua eman zuen.

Ertzaintzaren Joko eta Ikuskizun Unitatea lehendik ari zen gertakari horien ustezko egileak monitorizatzen, eta Unitate horrek, aldi berean, Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Atal Nagusiari eman zion bere mugimenduen berri, hilabeteak baitzeramatzan pertsona horiek ikertzen, Polizia Nazionalaren EDEV Zentraleko Kirolen eta Apustuen Integritaterako Polizia Zentro Nazionalarekin batera egindako ikerketa baten esparruan.

Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Atal Nagusiak egindako ikerketaren arabera, atxilotutako gizona Estatu osoan jarduten duen talde kriminal bateko kidea da, eta taldeko burua izateaz gainera makinak manipulatzeaz arduratzen da. Urte hasieratik, taldeak gutxienez bederatzi lapurreta egin ditu Espainiako hainbat probintziatako joko-aretoetan, horietako zazpi Gipuzkoan, eta lapurtutako zenbatekoa guztira 400.000 eurokoa da. Hala ere, taldea ezaguna du Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Atal Nagusiak; izan ere, 2023an beste ikerketa bateratu bat egin zuen Polizia Nazionalarekin eta bertan egile berberak ikertu zituen antzeko egitateengatik.