Bilboko udaltzainek 45 urteko emakume bat atxilotu dute, hilketa saiakera egotzita. Zenbait lekukok atxilotua, bikotekidea barruan zela, Atxuri auzoko lonja bateko atetik su ematen ikusi dute. Biktima Basurtuko ospitalera eraman dute, eta han jarraitzen du oraindik.
Atzo, asteazkena, gaueko hamarrak eta laurden inguruan, Bilboko Atxuri auzoko lonja batean sute bat piztu zela jakin zuten Larrialdi Zerbitzuek, barruan pertsona bat zegoela.
Bilboko Udaltzaingoaren patruilak, ertzainak, suhiltzaileak eta anbulantzia bat bertaratu ziren. Sutea itzali eta konorterik gabe zegoen biktima artatu ondoren, bertaratutako agenteek zenbait lekukoren kontakizunen bidez egiaztatu ahal izan zutenez, emakume batek zerbait bota zuen atearen zulo batetik barrura, eta, jarraian, sugarra piztu zen, lokalean sutea eraginez. Lonjako sarrerako atea itxita zegoen eta pertsiana kanpotik erdi jeitsita.
Emakumeak esku bateko hatz-koskorretan erredura txiki bat zuen, eta udaltzainek handik gertu atxilotu zuten, giza hilketaren saiakuntza-delitu baten ustezko egile gisa, eta ertzain-etxera eraman zuten Ertzaintzak duelako ikerketaren ardura.
Biktima, 48 urtekoa eta espainiar nazionalitatekoa, Bilboko ospitale bateko suspertze-gunera eraman zuten, eta han jarraitzen du, eboluzioaren zain.
Hilketa saiaketaren egilea, 45 urteko nazionalitate espainiarreko emakumea, epailearen esku utziko dute polizia-eginbideak amaitutakoan