Bilboko hainbat etxebizitzatan egindako lapurreten bi atxilotuak espetxeratu dituzte

Ertzaintzak bi gizon atxilotu ditu Bizkaiko hiriburuan duela gutxi hiru etxebizitzatan, gutxienez, egindako lapurreten ustezko egileak izateagatik. Biak espetxeratu dituzte epailearen aginduz.

Ertzaintzak jakin zuen joan den ostiraletik astelehen honetara bitartean, lapurreta egin zutela Bilboko hainbat etxebizitzatan, modus operandi bera erabiliz. Lapurrek markatzaileak jarri zituzten etxeetako ateetan bizilagunen presentzia antzemateko, gakordeak erabili zituzten sarrailetan kalterik egin gabe eta dirua eta bitxiak bakarrik lapurtu zituzten. Modu horretan jarduten dutenak Europako ekialdetik iritsitako delitugile talde antolatu ibiltariak izan ohi dira.

Bizkaiko Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzua (SICTB) egin zen lapurreta horien ikerketaren kargu, eta, egindako ikerketen ondorioz, agenteek Europako ekialdetik iritsi berriak ziren bi gizon detektatu zituzten, eta haiek zaintzen hasi ziren.

Azkenik, astearte honetan Barakaldon atzeman zituzten, eta, haien gauzen artean, gakordeak eta ateak zabaltzeko tresnak, eskudirua eta bitxiak aurkitu zituzten, eta horietako batzuek gaztelaniaz eta euskaraz grabatutako izenak zituzten. Hori dela eta, atxilotu egin zituzten. Egiaztatu ahal izan denez, bitxiak joan den asteburuan Bilboko bi etxetan egindako lapurretetakoak ziren.

Ertzaintzak uste du bi atxilotuak nazioz gaindiko jarduera duen talde antolatu bateko kideak direla. Talde horretako kideek lapurreta asko egiten dituzte egun gutxi batzuetan eremu geografiko batean, eta, ondoren, beste erkidego batera joaten dira bere delitu-ekintzekin jarraitzeko eta, modu horretan, haiek lokalizatzea izugarri zailtzeko.  

Ikerketa zabalik dago atxilotuek azkenaldian Bilbo Handiko mugapeko etxebizitzetan egindako beste lapurreta batzuekin zerikusirik duten argitzeko.

Atxilotuak, 43 eta 26 urtekoak, gaur, asteazkena, egunean zehar agintari judizialaren eskuetan jarri dituzte. Horietako batek Schengen seinalamendu bat du, Eslovakiako espetxe batetik ihes egin duela jasotzen duena. Barakaldoko Guardiako Epaitegiak Bizkaiko espetxera eramateko agindua eman du.

Jaitsi Argazkia/Foto 1