Categorías: albisteak-berriak

Ernesto Valverde: “Talde ona gara, jokoan jarraitutasuna falta zaigu”

Valverde ez dago kezkatuta, ezta urduri ere, bere taldeak oraindik irabaztea lortu ez duen arren, eta “San Mamesen indartsuak” egin behar direla aitortu du

Ernesto Valverde Athletic Clubeko entrenatzaileak agerraldia egin du lehoiek gaur 19:00etatik aurrera San Mamesen Valencia CF taldearen aurka jokatuko duten neurketaren atarian. Bi lehiakideek garaipenik lortu gabe ekingo diote hirugarren jardunaldi honi, baina lasai daudela aitortu du: “Ez nago kezkatuta, ezta urduri ere, taldea denboraldiaurrean ikusi baitut eta badakit zer egiteko gai garen. Talde ona gara eta une batzuetan ondo gaudela ikusten dut. Jokoan jarraitutasun handiagoa izatea falta zaigu. Egunero ikusten dudanaz fidatzen naiz, baina irabazi egin behar dugu”.

Zuri-gorriek Getafe CF-ren aurka etxean eta FC Barcelonaren kontra kanpoan neurtu dituzte indarrak orain arte. Madrildarrekin bana berdindu eta Kataluniarrekin gol bateko aldegatik galdu dute: “Jakina, bi partida jokatu dituzunean hiru puntuak batu gabe, zerbait falta izan zaizu. Norgehiagoka erabat ezberdinak izan dira. Bietan saiatu gara gure jokoa egiten aurkariak zituen baldintzatzaileekin, eta une jakin batzuetan lortu dugu eta beste batzuetan ez. Jokoan nolabaiteko jarraipena izan nahi dugu, eta batez ere San Mamesen indartsuak egin, hori izan baitzen gure ibilbidearen gakoa. Iaz antzeko partidak jokatu genituen haien aurka. Badakigu nolakoa den futbola. Beti dago presioa, LaLigak ez dio inori barkatzen. Egoera horietan, garaipenaren premia handiagoa duzu, eta behartuago gaude. Gauza bera gertatzen zaio Valenciari”.

Hala ere, entrenatzaileak uste du talde valentziarrak gauzak zailduko dizkiela: “Hemen oso ondo egon ziren eta une onean zetozen. Jokoa une batez deskontrolatu zen, arazo asko sortu zizkiguten eta azken orduan berdindu genuen. Gu bere etxean oso ondo egon ginen, baina irabazi egin ziguten. Jokoa kontrolatu genuen, agian aukera gehiegi egin gabe. Potentzia eta jokalari indartsuak dituen talde gaztea da. Aurkari gogorra iruditzen zait, eta iragan denboraldian oso ondo aritu zen. Neurketa zaila izango da guretzat, iaz bezala. Talde bakar bat ere ez doa beldurrez, eta are gutxiago hirugarren jardunaldian. Maila handia daukate. Egia da lehengo egunean ez zirela ondo egon eta sentipen horren ordaina jaso nahiko dute. Horrek are arrikutsuagoak izatea dakar”.

Azkenik, txapelketaren hasiera frenetikoari buruz, lau lehia izan baitira bi aste eskasetan eta horietako hiru azken astean, Valverdek honako hau uste du: “Gero eta partida eta lehiaketa gehiago daude. Gaur egungo futbola amaierara arte ustiatzen da ahalik eta diru gehien banatzeko. Ligako hiru jardunaldi jarraian hain azkar jokatzea ilogiko samarra iruditzen zait, baina lehiaketa ere estutu behar da, bestela ez gara iritsiko. Egun batean jokalariek nahikoa dela esango dute eta txapelketak murriztuko dira”.

albisteak

Compartir
Publicado por
albisteak

Entradas recientes

Barakaldok ia 151 milioi euroko aurrekontuen zirriborro berria aurkeztu du

Ogasun sailak gaur goizean aurkeztu du 2026rako Udal Aurrekontuen zirriborro berria; ia 151 milioi eurora…

22 minutos hace

Euskadik berdelaren kostera txarraren eragina arindu du kudeaketa malguari eta lonjetako jarduera handiagoari esker

Kudeaketa malguari esker jarduera mantendu, ontziei konpentsazioa eman eta eskuragarri dauden arrantza-aukerak ahalik eta hobekien…

22 minutos hace

‘Sucia’ filmak Giza Eskubideen 23. Zinemaldian Ikusleen Saria lortu du

Bàrbara Mestanzak eta Marc Pujolarrek zuzendutako Sucia (Espainia, 2025) filmak lortu du Ikusleen Saria Film Luze Onenari…

22 minutos hace

Susana García Chueca, Topo berria martxan jartzeari buruz: «Hau urte handia da Gipuzkoarentzat»

Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak baieztatu duenez, Altza (Donostia) eta Galtzaraborda (Errenteria) arteko topoaren saihesbidea abuztua baino…

22 minutos hace

Leon XIV. Aita Santuak Lehendakaria hartuko du Vatikanoko Egoitza Santuan

Leon XIV. Aita Santuak Imanol Pradales Lehendakaria Vatikanora gonbidatu du. Izan ere, maiatzaren 13an Audientzia…

22 minutos hace

Maria Ubarretxena sailburuak Multiverse Computing euskal enpresa bisitatu du, adimen artifizialean nazioarteko erreferentea

Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburuak Multiverse Computing enpresaren instalazioak bisitatu ditu. Enpresa…

22 minutos hace