Gizon bat atxilotu dute Sondikako etxebizitza batean lapurtzeagatik eta bertako bizilagun bati erasotzeagatik

Ertzaintzako agenteek gazte bat atxilotu dute, igandean Sondikako familia bakarreko etxe batean indarkeriaz lapurreta egin zuelakoan. Etxebizitzako bizilagun batek harrapatu zuenean, atxilotuak buruan eraso egin zion tresna batekin.

Joan den igandean, abuztuaren 17an, lapurreta bat gertatu zen Sondikako etxebizitza batean, bizilagunak lotan zeudela. Geroago aurkeztutako salaketaren arabera, etxebizitzan bizi zen pertsonetako bat goizeko seiak aldera esnatu zen, eta ezezagun bat aurkitu zuen logelan, mesanotxeko tiraderak irekitzen. Ustekabean harrapatu zuenean, lapurrak buruan jo zuen tresna batekin, eta liskar bat izan zen haien artean. Ondoren, gazteak leiho batetik ihes egin zuen.

Biktima, hasiera batean, bere etxean artatu zuten osasun-zerbitzuek, baina, geroago, Gurutzetako Ospitalera joan zen, bere kabuz.

Lapurretaren egilea hainbat objektu eta bitxiren jabe egin zen, baita eskudiru kopuru jakin baten jabe ere, baina harrapakinaren zati bat galdu zuen ihes presaka egin zuenean.

Erandioko ertzain-etxeak, gertaera horien berri izan ondoren, ikerketa bat abiarazi zuen delitu horren egilea identifikatu eta atxilotzeko. Horrela, egindako ikerketek fruitua eman dute, eta atzo eguerdian gazte bat atxilotu zuten, lapurretaren egiletza egotzita.

Bestalde, gertakari hori gertatu zen gau berean, gainera, lapurreta bat egin zen gertu-gertuko etxe batean, eta, beraz, bigarren gertaera horretan atxilotuak izan zezakeen inplikazioa ere ikertzen ari dira.

Atxilotua, 29 urtekoa eta antzeko delituengatik aurrekariak dituena, epailearen esku utziko dute beharrezko polizia-eginbideak amaitzen direnean.