Categorías: albisteak-berriak

Zinemakumeak gara!

PRUEBA

Udazken honetan Zinemakumeak gara! – Emakumeen zuzendutako zinemaren erakustaldiaren 30. urteurrena ospatuko da Bilbon.Udalak zorionak eman dizkio erakustaldiari bere hiru hamarkadako ibilbideagatik, Itziar Urtasun Berdintasuneko zinegotziak gaur goizean, edizio berriaren aurkezpenean, adierazi duen aintzatespenaren bidez. Urriaren 27tik 31ra, andrazkoek egindako ikus-entzunezkoen epizentro bihurtuko da Bizkaiko hiriburua. Programak hainbat atal dauzka: proiekzioak, tailerrak, mahai-inguruak eta sektoreko funtsezko figurei omenaldia egingo dien inaugurazio-gala bat.

BBK Aretoan egindako prentsaurrekoan, Itziar Urtasun zinegotziarekin izan dira Ana Gutiérrez erakustaldiaren zuzendaria, Trinidad L. Vicente Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendari nagusia eta Koldo Bilbao BBKko Kulturako arduraduna.

URRIAREN 20TIK AURRERA

Motorrak berotzeko, aurreko astean, «Nola ikasi emakume izaten (eta ahaleginean ez hiltzen)» atzerabegirako zikloarekin abiatuko gara. Urriaren 20tik 24ra bitartean izango da, BilbaoArten. Ziklo honek erakusketaren 30 urteko historian zeharreko bidaia bat eskainiko du. Horretarako, nazioarteko film luze entzutetsu batzuk proiektatuko dira, baita gure katalogo historikotik atera dugun euskal emakumezko zinemagileek zuzendutako film labur sorta bat ere. Sarrera doakoa da. Hainbat lan berriz ikusi eta aldarrikatzeko aukera paregabea eta ezin hobea da. Lan hauetaz ari gara, adibidez: Perversiones de mujer (Susan Streitfeld, 1995), Rachida (Yamina Bachir-Chouikh, 2002), La batalla de Solferino (Justine Triet, 2013) eta Las mujeres de verdad tienen curvas (Patricia Cardoso, 2002).

Film Laburrak Femeninoan proiektatuz amaituko da zikloa. Espainian ekoitzi diren emakumeek zuzendutako film laburren programa bat da, TRAMAk (emakumeek egindako zinema, bideo eta multimedia lanen erakustaldi eta jaialdien koordinadora) urtero deitua.

Prestakuntzari dagokionez, erakusketak bere ikus-entzunezko laborategi arrakastatsua aktibatu du berriro. Horren barruan «Emakume heroiaren bidaia» lantegia antolatu da, Belén Ruiz Soroa irakaslearen eskutik. Saioa urriaren 21ean izango da (asteartea), Bizkaiko Psikologia Elkargoan. «Heroiaren bidaia» tradizionalarekiko alternatiboak diren narrazio-ereduak aztertuko dira, zinemako eta literaturako emakumezko protagonisten eraikuntzari erreparatuz, Maureen Murdocken proposamen teorikoaren bitartez.

HIRU ZINEMA-HAMARKADA OSPATZEKO GALA

Ospakizunaren goren puntua Inaugurazio-gala izango da. Urriaren 27an egingo da (astelehena), BBK Aretoan. Maria Urcelay aktoreak aurkeztuta, ekitaldian bi sari garrantzitsu emango dira: Simone de Beauvoir sariak Alauda Ruiz de Azúa eta María Ripoll zinemagileen ibilbidea aitortuko du; BIHARGI sariak, ostera, Al Borde Films ekoiztetxearen sortzaileak sarituko ditu aurten, hots, Sara Blanco PérezMarta Gómez Calderón eta Paula Iglesias Rodríguez.

Ekitaldia esperientzia sentsorial murgiltzaile bat izango da, Maria Berasarte abeslariaren emanaldiari, Nerea Alberdik propio konposatutako musika-pieza baten estreinaldiari eta Estudio Gheadaren ikus-entzunezkoei esker. Lehen aldiz, EITBrekiko lankidetzari esker, gala zuzenean jarraitu ahal izango da streaming bidez.

ZINEMA GARAIKIDEA ETA BEHARREZKO EZTABAIDAK

Sail nagusia, «Pantalla Grande/Pantaila Handia», urriaren 28tik 31ra egingo da, Alondegiko Golem zineman (Azkuna Zentroa). Duela gutxi hainbat zinema-jaialdi ospetsutan —Cannes, Locarno, Berlin, Seminci eta Donostia, besteak beste— estreinatu eta lehiatu diren nazioarteko zinema-lan berrien hautaketa zainduari esker, ikus-entzuleek proposamen interesgarri hauekin gozatu ahal izango dute, besteak beste: Lucrecia Martel zuzendari argentinar txalotuaren Nuestra tierra dokumental irrikatua; Sophy Romvariren Blue Heron; Mascha Schilinskiren Sound of Falling, eta Shih-Ching Tsou taiwandarraren La chica zurda. Gainera, Put Your Soul on Your Hand and Walk filmaren estreinaldia barne hartzen du hautaketak. Film horrek Palestinako gatazkaren ondorio suntsitzaileen lekuko zuzen bihurtuko gaitu, Sepideh Farsi zuzendari irandarraren eta Fatma Hassona kazetariaren arteko bideo-deien bidez.

Egitaraua osatzeko, Saio Berezi bat egingo da urriaren 30ean BBK Aretoan. Eva Libertad zuzendariaren Sorda filma proiektatuko da, emakume gor batek amatasunaren aurrean dituen erronkei buruzkoa. Ondoren, «Psicología, feminismo y anti capacitismo» (Psikologia, feminismoa eta antikapazitismoa) mahai-ingurua egingo da, Bizkaiko Psikologia Elkargoarekin lankidetzan. Mahai-inguru horretan, Vicenta Alonso de la Cruz, Aitziber Uriarte eta Iraia Nieto Merino adituek, besteak beste, zentzumen-desgaitasuna duten emakumeek bizi dituzten errealitateei buruz hitz egingo dute. Saioan, zeinu-hizkuntzazko interpretazioa egingo da. Hala, erakusketak inklusioarekin duen konpromisoa berretsiko da. Gainera, laster gure jarduera guztietan barne hartzeko asmoa dugu.

Era berean, urriaren 30ean (osteguna), adimen artifizialaren arloan aditu diren Laura Benitez eta Alejandra Bueno unibertsitate-irakasleen arteko elkarrizketa irekia izango da Bastida Aretoan (Azkuna Zentroa). Genero-joeraziraultza teknologiko horren arrisku zein aukerez eta emakumeek kultur sorkuntzan duten presentzian eta irudikapenean AAk izan dezakeen eraginari buruz eztabaidatuko dute.

“30. edizio honekin, Zinemakumeak gara! ekimenak, bere ibilbide sendoa ospatzeaz gain, emakumeek egindako zinema erakusteko, eztabaidatzeko eta aintzatesteko ezinbesteko gunea dela berretsiko du”, adierazi dute antolakuntzatik.

albisteak

Compartir
Publicado por
albisteak

Entradas recientes

26_0286 Gizon bat atxilotu dute Bilbon telefono mugikorrak lapurtzeagatik eta horien jabeen banku-kontuetatik dirua ateratzeagatik

Joan den igandean, apirilaren 12an, Bilboko Ertzain-etxeko agenteek 21 urteko gizon bat atxilotu zuten, telefono…

8 horas hace

26_0285 Santurtziko taberna batean lapurreta egiteagatik atxilotu dute

Ertzaintzako agenteek gizon bat atxilotu dute, orain dela sei egun indarra erabiliz egindako lapurreta bat…

11 horas hace

26_0284 Joko-aretoetako erruleta-makinak manipulatzen zituen talde kriminal bateko burua atxilotu dute Irunen

Ertzaintzak 29 urteko gizon bat atxilotu zuen joan den ostegunean Irunen, joko-areto batean makinak manipulatzen…

11 horas hace

26_0283 Oiartzunen gizon bat atxilotu dute zirkulatzen ari ziren bi ibilgailutan kalteak egiteagatik

Ertzainek 24 urteko gizon bat atxilotu dute gaur goizaldean Oiartzunen kalte-delitu bat leporatuta, industrialde batetik…

11 horas hace

«Hondakinik gabeko jolasak» sendotu egin dira Barakaldon, 4,74ko batez besteko balorazioarekin bere hirugarren edizioan

Alba Delgado Barakaldoko Udaleko Garapen Iraunkorreko eta Ingurune Naturaleko zinegotziak «Hondakinik gabeko jolasaldiak» (Hondakinik gabeko…

11 horas hace

Barakaldoko Udalak ETSri eskatzen dio premiaz jardun dezala Burtzeña eta Irauregi arteko trenbidearen hondatze larriaren aurrean

Amaia del Campo alkateak gutun bat bidali dio ETS – Euskal Trenbide Sareko zuzendari nagusiari,…

11 horas hace