Duela egun batzuk, kide batek hauxe esan zidan: “utziko dut, nire burua antolatu behar dut eta EZETZ esaten hasi”.
Eta EZETZ esan zion emakumeen lantalde batean borondatez parte hartzeko jarduera bati.
Talde berean egon garen urteotan, soilik eman die EZETZA aisialdi-planei eta joan-etorriko jardueraren bati. Batzuetan gure lantokian ikusten dugu elkar. Taldearen aurrez aurreko bilera gutxietan ere egin dugu topo; parte-hartzailea eta inplikatua izaten da, dagozkion erantzukizunak betetzen ditu, bai eta borondatez bere gain hartzen dituen beste batzuk ere. Askotan aritu gara denboraren, zainketen, familiaren, haurren eta abarren arazoei buruz.
Dirudienez, denborari dagokionez ere emakumeok desabantaila-egoeran gaude. Beste alderdi batzuetan bezalaxe, galtzeko aukera guztiak ditugu. Horixe bera gertatzen da, besteak beste, botere-postuak betetzeari, soldata-arrakalari eta lan-baldintzei dagokienez.
Eta ez da soilik gure esperientziaren pertzepzioa, argi eta garbi erakusten duten oso datu garrantzitsuak baitaude.
Testuinguruen bi adibide desberdin jartzearren, bertan, EAEko 2023ko Osasun Inkesta dugu horren erakusgarri, eta Europan, berriz, “Gender Equality Index 2024. Sustaining momentum on a fragile path” izeneko dokumentua, zeina Genero Berdintasunerako Europako Institutuak (EIGE) argitaratu baitzuen.
EAEko 2023ko Osasun Inkestan jasotako datuei erreparatuta, etxeko lanak egiteko astean batez beste erabiltzen diren orduek, sexua eta klase soziala kontuan izanik, oso grafiko deskriptiboa sortzen dute (1. irudia). Emakumeek gizonek baino denbora gehiago ematen dute lan horietan (hori bagenekien). Gizarte-klase baxuko emakumeek ordu gehiago ematen dituzte, eta gizarte-klase altukoek gutxiago, ziur asko beste emakume batzuk kontratatzen dituztelako lan horiek egin ditzaten. Deigarria da gizonek etxeko lanetan duten parte-hartze txikia ez dela aldatzen gizarte-klasearen arabera eta grafikoan ia lerro zuzena dela; hala, haien batezbestekoa astean 8 ordu ingurukoa da. Hau da, haien kasuan gehiago zehazten du generoak maila ekonomikoak baino.
EIGEn adierazitakoaren arabera, Europako berdintasun-indizea % 71ekoa da (% 100 erabateko berdintasuntzat jotzen badugu), askotariko esparrutan (lana, agintea, dirua, ezagutzak, denbora eta osasuna) dauden desberdintasunen neurketak oinarri hartuta. Argi dago alderdi guzti horietan badagoela emakumeentzat kaltegarria den aldea, eta puntuaziorik txarrena lortu duen hirugarrena denbora da: % 68,5. Zaintzetan eta gizarte-jardueretan emandako denbora aztertu da. 2. irudian EIGEren dokumentuan jasota dagoen taula bat ageri da, aisialdiko jarduerak egiten dituzten emakume eta gizonen ehunekoari buruzkoa, askotariko aldagaiak kontuan izanik, hala nola familia-mota eta adina. Kategoria guztietan, emakumeen kopurua txikiagoa izan da. 2017ko eta 2024ko datuak ageri dira eta horien aldakuntza azken zutabearekin alderatu da; gorriz adierazi da zein kategoriatan egin duen txarrera arrakalak. Puntu gehienak gorriz. Nabarmentzekoa da areagotu dela bigarren lerroko (guraso bakarreko familiak) tartea, bai eta bederatzigarrena ere (hezkuntza-maila baxua).
Zer gertatzen da emakumeon denborarekin? Datuek islatzen dute bi sexuek desberdin erabiltzen dutela denbora. Emakumeak masiboki sartu ziren ordaindutako lana egitera, baina ez da antzeko joerarik egon gizonen kasuan etxeko lanak egitearekin. Azterketa sakonagoa egin behar da gai horren inguruan eta onartezina da soilik esatea “gure hautaketaren” errudun garela.
Beharrezkoa da paradigma aldatzea. Genero-ikuspegiarekin berrikusi behar da gizarte-kontratua.
Gaur egun, nagusiki emakumeek eskatzen dituzte familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiten dituzten lan-baldintzak, gizartean egiten den zereginen banaketa desberdinaren erakusgarri. Osakidetzak, enpresa gisa, bere profesionalen artean erantzunkidetasunean oinarritutako kontziliazioa bultzatzeko aukera du, bai eta kontzeptua zabaltzeko eta hura sustatzeko neurriak hartu ere.
Generoa eta Osasuna taldea
25_0720 Gizon bat atxilotu dute Irungo kirol-instalazio batzuetako aldageletan emakumeei grabazioak egiteagatik Gizon bat atxilotu…
Bloque de viviendas de Errenteria Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak etxegabetze-arriskua saihestuko du horrela, eta…
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak hasiera eman dio hezkuntza-aisialdiari buruzko Astialdi Biltzarra 2025 kongresuari,…
Eusko Jaurlaritzak hirukoiztu egingo du gaur egun duen zuzkidura-alojamendua, alokairu-parkeko eraikin publikoetan etxebizitzak eraikitzea ahalbidetuko…
Etetearekin batera, erakundeen arteko kontrol eta jarraipen-neurriak hartu dira, eta ezarritako prebentzio-neurriak aplikatzea gomendatzen da…
Eusko Jaurlaritzak 27,5 milioi euro mobilizatuko ditu Lurraldea egokitzeko, bost jarduketa pilotutan, leku hauetan: Zarautz,…