Categorías: albisteak-berriak

Eusko Jaurlaritzak 18 etxebizitza erosi dizkio Jauregizar enpresari Errenterian, bertako maizterren alokairu babestua bermatzeko

Bloque de viviendas de Errenteria
  • Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak etxegabetze-arriskua saihestuko du horrela, eta Pontikako 18 familiak babestuko ditu, hala ziurgabetasun-aldi luzea amaitzeko
  • Operazioa 2,9 milioi eurotan tasatu da, indarrean dagoen babes ofizialeko etxebizitzen gehienezko modulua baino prezio baxuagoan, eta, horren bidez, etxebizitzak euskal parke publikoan sartu eta Alokabidek kudeatuko ditu

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak akordioa lortu du Jauregizar enpresarekin, Errenteriako Arramendi auzoan dauden 18 etxebizitza babestu erosteko (Pontika promozioa), “egungo maizterrek alokairu babestuaren erregimenean jarraituko dutela bermatzeko eta sustapenaren izaera soziala zaintzeko asmoz”, iragarri du Denis Itxaso sailburuak. Operazioan 2,9 milioi euroko inbertsioa egin da, eta, horren bidez, Alokabidek kudeatzen duen parke publikoaren parte izango dira etxebizitzak.

Jatorrizko sustapenean alokairuko babes ofizialeko 40 etxebizitza dira, eta bere garaian Jauregizar enpresak sustatu zituen. Alokairu-kontratuak 2022ko apirilean hasi ziren amaitzen, alokairuko kalifikazio babestuaren 15 urteko legezko epea bete zenean. Orduan, enpresa sustatzaileak, finantza-egoera zailaren ondorioz, sustapen osoa saltzea erabaki zuen. Jauregizarrek etxebizitzetako 22 saltzea lortu zuen; aldiz, gainerako 18ak alokairu babestuko kontratuak luzatzea eskatu zuten familiek okupatuta zeuden, eta enpresak uko egin zion luzatzeari, zorrak ordaintzeko finantza-beharrak zituela argudiatuta.

Familiak babesik gabe gera ez zitezen, Eusko Jaurlaritzak beste irtenbide bat proposatu zuen hasieran: alokairu eskuragarriaren programa publikoan sartzea proposatu zion enpresari, hala dirulaguntza publikoen bidez babestutako alokairua beste 10 urtez manten zedin. Hala ere, Jauregizar enpresak ezetz esan zion proposamen horri.

Finantza-erakunde hartzekodunek sustapenaren kredituak exekutatzeko benetako arriskua zegoenez, eta horren ondorioz 18 familiak etxetik kaleratu zitezkeenez, Sailak erabaki zuen enpresarekin eta tartean zeuden banku-erakundeekin zuzenean negoziatzea. Negoziazio horien ondorioz, 18 etxebizitzak erosteko akordioa lortu da, “indarrean dagoen BOEen modulu maximoa baino prezio baxuagoan, alokairuko etxebizitza babestu gisa jarraituko dutela ziurtatzeko eta familiei lasaitasuna eta egoitza-egonkortasuna emateko”, adierazi du Itxasok.

Horrela, behin operazioa formalizatuta, “etxebizitzak titulartasun publikokoak izatera pasatuko dira eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza-parke babestuan sartuko dira, eta Alokabidek kudeatuko ditu, babestutako alokairua kudeatzen duen sozietate publikoak”, gaineratu du sailburuak.

Horren bidez, Etxebizitza Sailak indartu egiten du etxebizitzaren funtzio sozialarekiko duen konpromisoa, babes publikoko etxebizitzen galera saihestuta eta gehien behar duten familiek alokairu eskuragarria izateko duten eskubidea bermatuta.

Aurrekariak: Arrasateko 148 BOE

Errenteriako 18 etxebizitza babestuen erosketa joan den ekainean Eusko Jaurlaritzak Arrasaten Inmo Criteria Alquiler, SLU eta Inmo Criteria Caixa, SAUrekin eroslehentasuneko eta atzera eskuratzeko operazio historikoaren bidez erosi zituen 148 babes ofizialeko etxebizitza pribatuen ondoren egin da. Transakzio horrek 5,7 milioi euroko kostua izan zuen, eta etxebizitzei lotutako 148 garaje eta 148 trasteleku, 18 garaje libre eta lokal komertzial bat ere barne hartu zituen.

albisteak

Compartir
Publicado por
albisteak

Entradas recientes

26_0339 Mendaron gazte bat atxilotu dute baseliza bateko hustubide-hodiak lapurtzeagatik

26_0339 Mendaron gazte bat atxilotu dute baseliza bateko hustubide-hodiak lapurtzeagatik Mendaron gazte bat atxilotu dute…

3 horas hace

Barakaldok ia 151 milioi euroko aurrekontuen zirriborro berria aurkeztu du

Ogasun sailak gaur goizean aurkeztu du 2026rako Udal Aurrekontuen zirriborro berria; ia 151 milioi eurora…

6 horas hace

Euskadik berdelaren kostera txarraren eragina arindu du kudeaketa malguari eta lonjetako jarduera handiagoari esker

Kudeaketa malguari esker jarduera mantendu, ontziei konpentsazioa eman eta eskuragarri dauden arrantza-aukerak ahalik eta hobekien…

6 horas hace

‘Sucia’ filmak Giza Eskubideen 23. Zinemaldian Ikusleen Saria lortu du

Bàrbara Mestanzak eta Marc Pujolarrek zuzendutako Sucia (Espainia, 2025) filmak lortu du Ikusleen Saria Film Luze Onenari…

6 horas hace

Susana García Chueca, Topo berria martxan jartzeari buruz: «Hau urte handia da Gipuzkoarentzat»

Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak baieztatu duenez, Altza (Donostia) eta Galtzaraborda (Errenteria) arteko topoaren saihesbidea abuztua baino…

6 horas hace

Leon XIV. Aita Santuak Lehendakaria hartuko du Vatikanoko Egoitza Santuan

Leon XIV. Aita Santuak Imanol Pradales Lehendakaria Vatikanora gonbidatu du. Izan ere, maiatzaren 13an Audientzia…

6 horas hace