Categorías: albisteak-berriak

Eusko Jaurlaritzak astialdi hezitzaileari begirako 5 konpromiso iragarri ditu

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak hasiera eman dio hezkuntza-aisialdiari buruzko Astialdi Biltzarra 2025 kongresuari, Tabakaleran (Donostia). Bertan, haur eta nerabeekin hezkuntza ez-formalaren esparruan lan egiten duten begiraleen lana eskertu nahi izan du. Astialdi Biltzarra 2025 Haur eta Nerabeen Euskal Legearen, Gazteen Legearen eta Hezkuntzaren Legearen esparruan kokatzen da, baita umeen, nerabeen eta gazteen zaintzan aurrera egiten jarraitzeko erronketan ere, hezkuntza-aisialdia eskubide gisa eta eskubideak bermatzeko tresna gisa hartuta: prebentzioa, sustapena, babesa, prestakuntza eta parte-hartzea.

Topaketa hau Astialdi Sareak antolatu du, auzo eta herrietan sustraitzen den sarea, Hirugarren Sektore Sozialaren parte dena eta 14 elkarte/federazio eta 80 talde baino gehiago biltzen dituena.

«Urte askoan Gasteizko Los Angeles eskaut taldeko gaztetxoa eta begiralea izan naiz. Nire bizitzan altxor preziatu bat bezala gordetzen dudan esperientzia da. Txikitan izugarri gustatzen zitzaidan eskaut taldearen bileretan parte hartzea edo kanpamentuetara joatea. Mundu berri bat aurkitu zidaten. Ez zen eskola, ez zen familia… baina oso eroso sentitzen nintzen. Hasiera baten ez konturatu arren, nire buruan eta bihotzean orain naizenaren zati handi bat eraikitzen hasi zen. Begiralea nintzela jakin nuen haurrek eta nerabeek jasotzen duten hezkuntza ez dela eskolan edo familian bakarrik gertatzen, aisialdiko taldeetan ere gertatzen baita. Enpatia, partekatzea, naturan murgiltzea, errespetua, aniztasuna ezagutzea edo kulturara hurbiltzea balioetan oinarritutako hezkuntzaren parte direlako» azaldu du Nerea Melgosa sailburuak.

Astialdi Biltzarrean federazioetako, klubetako eta aisialdi eskoletako 100 ordezkari baino gehiagok hartu dute parte, eta, aldi berean, Astialdi Sarearen 10 hezkuntza-erronkak aurkeztu dira. Gizarte eta hezkuntza-proiektu osoa hartzen duten konpromisoak dira, eta 2030 Agendarekin bat egiten dute: inklusioa, babesa eta eskubide sozialak; euskal komunitatea-euskara, kultura eta afiliazioa; feminismoa eta berdintasun erreala; bizitza osasungarria eta osasun mentala; gizarte digitala, zientzia, teknologia, ezagutza eta berrikuntza; ekintzailetza eta enplegagarritasuna; elkarrekin bizitzeko balioak; kontzientzia klimatikoa eta iraunkortasuna; komunitatearen garapena, parte-hartzea eta boluntariotza; aisialdia, kultura eta arteak.

Era berean, Melgosa sailburuak astialdi hezitzailea oinarri duten elkarteen sarearekin batera lantzeko 5 konpromiso iragarri ditu:

– Aisialdi hezitzailea eskubide efektibo gisa aitortzea eta eskuratzeko aukera unibertsala sendotzea: eskaintza egonkorra, erregularra, hurbilekoa eta kalitatezkoa indartzea, beharrizana dutenei arreta berezia jarriz, oztopoak kenduz eta desberdintasunak konpentsatuz.

– Lankidetza publiko-soziala indartzea tokian-tokian: lan-mahaiak, proiektu partekatuak, ebaluazioa eta etengabeko hobekuntza; auzoa, udalerria eta herrialdea lotuko dituen gobernantza, 2030 Estrategiaren babespean.

– Hezitzaileak (boluntarioak eta kontratupekoak) zaintzea: prestakuntza, laguntza eta aitortza bermatuz, mugimenduaren arima komunitarioa galduko ez duten lidergo pedagogikoak sustatuz.

– Finantzaketa publikoa sinplifikatzea eta neurgarriak diren hezkuntza-eta gizarte helburuekin lerrokatzea, oztopoak eta burokrazia murriztuz, eta inklusioan, berdintasunean, parte-hartzean eta ongizatean emaitza egiaztagarriak emango dituzten proiektuak bultzatuz.

– Astialdi hezitzailearen balioa hobeto komunikatzea: gizarte-kohesioari, euskarari eta kulturari, osasun mentalari eta berdintasunari egiten dien ekarpena datu eta kontakizunekin azaltzea; gazteen boluntariotza herritartasun-eskola gisa ikusaraztea; eta belaunaldi berriak erakarriko dituzten erreferenteak proiektatzea.

«Konpromiso horiek ez dira ezerezetik sortzen; 2030 Estrategiatik, Haur eta Nerabeen Legetik eta zuen sare eta taldeetan metatutako esperientziatik edaten dute. Hezkuntza-aisialdia sistemen arteko zubia da: gazteriari, hezkuntzari, kulturari eta ongizateari buruzko politikak lotzen ditu; prebentzioa, sustapena eta babesa bultzatzen ditu; eta bizi-ibilbideak egiten ditu denboran zehar, belaunaldien arteko ikuspegiarekin. Horrek azaltzen du gizarte-kohesioko politika gisa duen indarra: integrazioari laguntzen dio, kide izatearen zentzua indartzen du eta etorkizuneko emantzipazioaren oinarriak finkatzen ditu. Aldaketa demografiko, ekologiko eta digitalen garaian, aisialdi hezitzailean inbertitzea erresilientzian, aukera-berdintasunean eta herrialde kooperatiboago batean inbertitzea da» adierazi du Nerea Melgosa sailburuak.

Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendariaren arabera, Aisialdi Hezitzailea Bultzatzeko 2030erako Euskal Estrategia mugarri bat izan da aisialdi hezitzailea funtsezko politika publiko gisa aitortzeko. Dokumentuak dio aisialdi hezitzailea eskubidea dela, erakundeak komunitate hezitzaileak direla eta horien garapena erakundeek, familiek eta gizarteak partekatzen duten zeregina dela. Estrategia horren ondorioz, Hezkuntzako Aisialdia Koordinatzeko Mahaia sortu da. Bertan, Eusko Jaurlaritzak eta sektoreko federazioek eta taldeek elkarrekin lan egiten dute prestakuntzan, babesean, baliabideetan eta aitortzan aurrera egiteko.

«Mahai hori, berez, euskal ereduaren adibide bat da: elkarlaneko gobernantza bat, konfiantzatik eta elkarrekiko konpromisotik entzun, adostu eta eraikitzen duena. Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritza erabat konprometituta dago bide horrekin. Ez gara programez edo dekretuez bakarrik ari, aisialdi hezitzailea Euskadiko gazte-politikaren funtsezko zutabea dela uste dugulako baizik» adierazi du Adrián López Sarachagak.

Aisialdia Koordinatzeko Mahaian honako gai hauek lantzen ari dira:

• Aisialdiko jardueren dekretuak eguneratzea, egungo errealitatera egokitzea eta ingurune seguruagoak bermatzea.

• Tratu onaren eta babesaren protokoloak garatzea, erakundeetako babes-ordezkariaren profila txertatuta.

• Udalekiko eta aldundiekiko lankidetza indartzea, astialdi hezitzaileak udal-oinarri sendoa eta auzo eta herrietatik hurbil dagoena izan dezan.

• Elkarte-sarerako finantzaketa egonkorra bermatzea, haren iraunkortasuna eta ziurtatzeko.

albisteak

Compartir
Publicado por
albisteak

Entradas recientes

Gizon bat atxilotu dute Irungo kirol-instalazio batzuetako aldageletan emakumeei grabazioak egiteagatik

25_0720 Gizon bat atxilotu dute Irungo kirol-instalazio batzuetako aldageletan emakumeei grabazioak egiteagatik Gizon bat atxilotu…

1 hora hace

Eusko Jaurlaritzak 18 etxebizitza erosi dizkio Jauregizar enpresari Errenterian, bertako maizterren alokairu babestua bermatzeko

Bloque de viviendas de Errenteria Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak etxegabetze-arriskua saihestuko du horrela, eta…

4 horas hace

Eusko Jaurlaritzak hirukoiztu egingo du gaur egun duen zuzkidura-alojamendua, eta 65 eraikin publikotan bi solairu altxatzea proposatuko du

Eusko Jaurlaritzak hirukoiztu egingo du gaur egun duen zuzkidura-alojamendua, alokairu-parkeko eraikin publikoetan etxebizitzak eraikitzea ahalbidetuko…

4 horas hace

‘Emakumeon garaia’ – OSI Ezkerraldea Enkarterri Cruces

Duela egun batzuk, kide batek hauxe esan zidan: “utziko dut, nire burua antolatu behar dut…

4 horas hace

Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek abeltzaintzako azokak bertan behera uztea erabaki dute, dermatosi nodular kutsakorra prebenitzeko neurri gisa

Etetearekin batera, erakundeen arteko kontrol eta jarraipen-neurriak hartu dira, eta ezarritako prebentzio-neurriak aplikatzea gomendatzen da…

4 horas hace

Ihobek bat egiten du Klima Aldaketaren aurkako Nazioarteko Egunarekin, bere egokitzapen-proiektuak eta KAIA ekimena azpimarratuz

Eusko Jaurlaritzak 27,5 milioi euro mobilizatuko ditu Lurraldea egokitzeko, bost jarduketa pilotutan, leku hauetan: Zarautz,…

4 horas hace