Gazta eta bestelako esneki ekoizle eta zaleen topaleku bihurtu da Tolosa berriro ere, IV. Esneki Euskal Herriko gazta eta esnekien azoka bereziari esker. Tolosako Udalak, HAZIk eta Eusko Jaurlaritzak sustatuta, eta Basque Culinary Center, Esneki zentroa – Leartiker, EFRIFE, GIFE, Esnekigileen Elkartea eta Tolomendi laguntzaile dituela, laugarren edizioak euskal esnekigintzaren kalitatea eta aniztasuna nabarmendu ditu berriro, lehen sektorari balioa emanez.
Euskal Herriko esne, gazta eta jogurten IV. txapelketa
Euskal Herriko zazpi lurraldeetan ekoiztutako esne, gazta eta jogurt mota guztien lehiaketa da ESNEKIren hitzordu nagusiena. Aurten, 38 gaztandegitako 86 erreferentziak hartu dute parte, zortzi kategoriatan banatuta: gazta freskoak, pasta bigunak, gazta urdinak, behi gazta onduak, ardi gazta onduak, ahuntz gazta onduak, jogurtak eta behi esne pasteurizatua. Parte hartu duten gaztandegi guztiek norbere esnearekin ekoizten dituzte produktuak.
Maila bakoitzeko irabazleen artean hautatu da txapeldunen txapelduna, hau da, Euskal Herriko gazta onenaren izendapena jaso duena. Markina Xemeingo Larruz gaztandegiko ‘Larruz’ ahuntz gazta izan da garaile. Pozarren jaso dituzte trofeoa, diploma eta txapela Iban eta Gorka Muniozguren anaiek. (Maila bakoitzeko saridunen zerrenda amaieran).
Publikoak ere izan du aukera lehiaketako gaztak dastatzeko, epaimahaiaren lanarekin batera, Beotibar pilotalekua irekita egon baita goiz osoan zehar.
Euskal Herriko ekoizleen azoka berezia
Lehiaketarekin batera, Euskal Herriko gazta eta esnekien azoka berezia izan da Trianguloa plazan eta San Frantzisko pasealekuan. Aurten, 24 ekoizlek hartu dute parte, eta bisitariek aukera izan dute gazta eta esneki sorta zabala ezagutzeko, dastatzeko eta erosteko.
Aurreko edizioetan bezala, ‘Gazta Mahaia’ izeneko dastaketa gidatua ere arrakasta handiz errepikatu da. Leartiker Esneki Zentroko adituen gidaritzapean Beotibar pilotalekuan egin diren saioetan, parte-hartzaileek aukera izan dute Euskal Herriko gazta aniztasuna eta kalitatea sakon ezagutzeko. Saio guztiak bete dira eta txartel guztiak saldu dira, arrakastaren erakusle.
Azokak eta lehiaketak ez ezik, familia osoarentzat eta publiko ororentzat pentsatutako jarduera hezigarriak ere izan dira aurtengo ESNEKIren egitarauan. Besteak beste, “Errapetik ahorainoko bidea” eta “Esnetan” tailerrak egin dira, haur zein helduentzat egokituak. Esperientzia horietan parte hartu dutenek aukera izan dute esnearen jatorria, ekoizpen-prozesua eta eraldaketa gertutik ezagutzeko. Simulagailu baten bidez jezteko prozesua bizitzeko aukera izan dute, eta gazta freskoa nahiz natillak prestatzen ikasi dute, esnearen balioa eta bertako ekoizleen lana ulertzeko helburuarekin.
Horrez gain, astean zehar Tolosako hiru ikastetxetan saio pedagogikoak egin dituzte Esnekigileen Elkarteko ordezkariek tokiko ekoizleen laguntzarekin. Jarduera horietan, ikasleek esnearen jatorria eta elikadura-ohitura osasungarriak landu dituzte, ekoizpenaren inguruko esperientzia zuzenak biziz eta dastaketa gidatuetan parte hartuz.
Aurtengo edizioan ere, Aitor Agirresarobe, Tolosako Udaleko Garapen Ekonomikoa, Enplegua, Merkataritza, Turismoa eta Azokak Saileko zinegotziak ESNEKI azokaren arrakasta eta herritarren parte-hartze handia nabarmendu ditu. “Urtez urte gero eta sendoagoa da ekimena, eta hori eragile guztien arteko lankidetzari eta herritarren harrerari esker da. ESNEKI ez da azoka bat soilik; gure ekoizleen lana eta lehen sektorearen balioa jendaurrean jartzeko plaza da, eta gure gastronomiaren aberastasuna erakusteko aukera paregabea”, adierazi du.
Bestalde, Raul Perez Iratxeta, Eusko Jaurlaritzako Elikadura eta Landa Garapen sailburuordeak, ekoizleen lana eta sektorearen garrantzia azpimarratu ditu: “ESNEKI azokak gure gastronomia eta abeltzaintza tradizionala indartzeko aukera ematen du, eta euskal esneki eta gazten kalitatea eta aniztasuna agerian uzten ditu. Sektorea sendotzen jarraitu behar dugu, gure elikaduraren oinarrian dagoen baliabide bat delako; bertako ekoizleen lana babestuz eta etorkizunerako lehiakortasuna bermatuz”.
ESNEKI Sari Nagusia, Euskal Herriko Gazta Onena
‘LARRUZ AHUNTZ GAZTA’ (S.C. Muniozguren) – Markina Xemein
Maila bakoitzeko irabazleak:
Gazta freskoak
Pasta bigunak
Gazta urdinak
Ardi-gazta onduak
Behi-gazta onduak
Ahuntz-gazta onduak
Jogurtak
Behi-esne pasteurizatua
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak irakasleek euskararen eta euskal kulturaren transmisioan duten paperari buruzko gogoeta foro…
Amara Berri auzoko bizilaguna poliziaren ekintzak eragindako biktima izan zen duela 30 urte, eta Olaeta…
Azaroaren 10etik 14ra bitartean, adingabeen ikastetxeetarako garraioaren kontrola areagotuko da. Besteak beste, segurtasun-uhalen erabilpena, ibilgailuetako…
25_0755 Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Bergaran, atxilotzeko Europako agindu batengatik Ertzaintzak gizon bat atxilotu…
Aste honetan, Berroziko polizia-zentroan hainbat poliziatako esku-hartze taldeen arteko truke-jardunaldiak egin dira, eta Ertzaintzaren BBTrekin…
25_0753 Gasteizen beste gizon bati sexu-erasoa egin dion gizona atxilotu dute Gasteizen beste gizon bati…