Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseiluaren batzarrean, Imanol Pradales Lehendakaria buru izan delarik, 2030erako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren birformulazioa aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak (ZTBP 2030). Berrikusketa honek zientzian, teknologian eta berrikuntzan 2030era arte Euskadik izango dituen desafioei aurre egiteko ibilbide berritua eskaintzen du.
Lehendakariak bere hitzaldian aurreratu duenez, planaren birformulazioak berrikuntza garrantzitsuak ekarriko ditu. Horien artean, zientzian bikaintasuna bultzatzeko helburua nabarmendu du, arreta berezia jarrita Ikur estrategian, zeinak Adimen Artifizialean, Superkonputazioan, Zientzia eta Teknologia Kuantikoetan, Bio eta Neurozientzietan, Neutronikan eta gisa horretako arloetan eragin ekonomiko eta soziala izatea baitu helburu.
Era berean, bi kategoria desberdinen bidez, lehiakortasuna eta industria-lidergoa sustatuko dira: batetik, ‘Irabazi’ deitutakoren bidez, trakzio-sektoreei begira; eta, bestetik, ‘Hazi’ delakoaren bitartez, kasu horretan, garapen bidean dauden sektoreei laguntzeko. Ildo beretik, bederatzi Itsasargiren bidez, berrikuntza sustatuko da, jadanik lehiakortasun maila ona duten arloetan, izan ere, “hor ere erreferente izan nahi dugu”, Lehendakariaren ahotan. Azkenik, planak komunitateari lotutako atal bat zehaztuko du, garapen inklusiboagoa, gizarte lotuagoa lortzeko, azken finean, ongizate-maila handiagoa eraiki ahal izateko.
“Herri estrategia bati buruz ari gara. Datozen urteetan, gure urratsak gidatuko dituen ibilbide-orriaz. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana izatea ez da luxua, guztiz kontrakoa baizik: ezinbesteko tresna da, herrialde baten ekonomia, gizartea eta ekoizpena garatzeko”, amaitu du Lehendakariak.
ZTBP 2030en birformulazioa Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek aurkeztu du. Sailburuaren hitzetan, “birformulatutako planak 2021ean plana hasieran onartu zenetik izandako aldaketa zientifiko, teknologiko, sozial eta geopolitiko sakonei erantzuten die”.
Era berean, azpimarratu duenez, “teknologia disruptiboek gora egin dute, esate baterako, adimen artifizial sortzaileak, bioteknologian, materialetan eta konputazio kuantikoan aurrerapen handiak izan dira, nazioarteko testuingurua erabat aldatu da, eta orain erresilientzia eta iraunkortasun handiagoa behar da; horren eraginez, berrikuntzan eta gizarte-ongizatean liderrak izaten jarraitzeko, ezinbestekoa da euskal estrategia egokitzea”.
Gizarte- eta giza-zientzien esparruan berrikuntza-politikak sartzeko aukera ere baloratu du, helburutzat hartuta gizarte inklusiboagoa ekarriko duen eta komunitatearen zentzua indartuko duen garapen teknozientifikoa.
Egitura eta berrikuntza nagusiak
Birformulatutako plan hau lau zutabe estrategiko nagusiren gainean eraikitzen da, betiere Europako lehentasunei eta Euskadiren premiei jarraiki. Lehenengo zutabeak −Kualifikazio altuko pertsonak− prestakuntza, erakarpena eta talentu zientifiko eta teknologikoa finkatzea sendotzen du, arreta berezia jarriz genero berdintasunean eta STEM bokazioak sustatzean. Ikasketa Aurreratuen Zentro bat sortzea aurreikusi da, bai eta mugikortasun eta prestakuntza dualeko programak sustatzea ere.
Bigarren zutabeak −Abangoardiako Zientziak− honakoak sustatzen ditu: ikerketa bikaintasuna, disziplinartekotasuna eta zientziaren, industriaren eta goi-mailako prestakuntzaren arteko lotura. Bikaintasuneko arlo zientifikoak eta arlo estrategikoak lehenesten ditu, eta IKUR Estrategia indartzen du, neurozientzian, teknologia kuantikoetan, neutroien zientzian eta superkonputazioan eta adimen artifizialean.
Hirugarren zutabeak, berriz, Lehiakortasuna eta lidergo industriala deitutakoak, apustu garbia egiten du eraldaketa industrialaren, burujabetza teknologikoaren eta lankidetza publiko-pribatuaren alde. Gaur egungo trakzio-sektoreak finkatzen ditu (Irabazi) eta garapen bidean dauden sektoreak sustatzen ditu (Hazi), arreta berezia jarrita ezagutzaren transferentzian eta nazioartekotzean.
Laugarren zutabeak, Berrikuntza deitutakoak, zientzia, teknologia, sormena eta ekintza kolektiboa barnean hartzen dituen berrikuntza eraldatzailea sustatzen du. Berrikuntza Faroen bitartez, hainbat proiektu estrategiko bideratuko dira giltzarriak diren hainbat arlotan, esaterako, adimen artifizialean, teknologia kuantikoetan, zibersegurtasunean, deskarbonizazioan, osasunean edo elikadura jasangarrian.
Gizartea, komunitatea eta kultura
Ildo beretik, plan berriak aparteko atala eskaintzen dio kohesio soziala, demokrazia, ongizatea eta euskal kultura indartzeari. Era berean, Gizarte eta Giza Zientziak barnean sartzeari, euskararen biziberritzeari, ezagutza gizartean zabaltzeari eta Euskadiko erronka sozial, kultural eta demografikoak ikertzeari bultzada bat ematea helburuen artean dago.
Espezializazio adimendunaren estrategia garatzea (RIS4)
Espezializazio estrategiari helduta, planak RIS4 delakorantz garatzea jasotzen du. Estrategia sistemikoagoa da, eraginera begirakoa, barnean hartzen dituena bikaintasun zientifikoa, lehiakortasun industriala eta berrikuntza eraldatzailea. Horrela, espezializatzeko arloak sendotzen dira, industria adimendunean, energia garbietan, osasun pertsonalizatuan, eta garatzen ari diren sektoreetan. Beraz, euskal estrategia bat dator Europako eta munduko lehentasunekin.
2026-2030 eperako I+G+b arloetarako bideratutako aurrekontua gutxienez % 6 handitzeko konpromisoari eusten dio Eusko Jaurlaritzak, horri esker, behar besteko egonkortasuna eta baliabideak izango dira lortutako aurrerapenak finkatzeko eta erronka berriei ekiteko.
ZTBP 2030 berritua aurkeztu ondoren, eragile, entitate eta herritarren ekarpenak jasotzeko epe bat ireki da, plana aberastea eta plana euskal gizartearen premia eta itxaropenekin bat etorriko dela ziurtatzea helburu.
Gaur goizean, 31 eta 33 urteko bi gizon atxilotu dituzte Urduña/Orduñan, Bizkaian, kalean aparkatuta zeuden…
Ertzaintzak beste ekitaldi bat egin du gaur eguerdian Erandioko egoitza nagusian, Ertzaintzako sarjentu nagusia izan…
Ertzainek 19 urteko gazte bat atxilotu zuten atzo Bizkaiko hiriburuan, lesio larrien delitua leporatuta. Eztabaida…
Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak 6 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu…
Nafarroako Gobernuak Merkataritzari buruzko Foru Legearen aurreproiektua aurkeztu du gaur Iruñeko Zabalguneko Merkatuan. Tokiko eta hurbileko merkataritza…
A* Jesús Garzaron/Gobierno de Navarra. F* 2025_11_25 T* SM la Reina doña Letizia acude a…