26_0186 Ertzaintzak bost grafitigile atxilotu ditu Andoainen, N-1 autobidean eta Euskotrenen hainbat unitatetan pintadak egiteagatik

Azken egunotan, Ertzaintzak bost gazte atxilotu ditu kalte-delitu batengatik Lasarte-Orian eta Andoainen egindako bi delitu-egitatetan, grafitiak egitea leporatuta.
Lehenengo kasuan, hiru gazte atxilotu zituen joan den otsailaren 28an Lasarte-Orian, N-1 autobideko zaratatik babesteko hainbat manparatan, pintadak egiteagatik. Bigarren esku-hartzean, joan den larunbatean beste bi gazte atxilotu zituen Andoaingo udal-barrutian, Euskotren Sareko hainbat bagoitan grafitiak egiteagatik.

Joan den otsailaren 28an, Ertzaintzak espainiar nazionalitateko 25, 20 eta 18 urteko hiru gizon atxilotu zituen kalte-delitu bat leporatuta, Lasarte-Oriako udal-barrutian (Gipuzkoa), N-1 autobideko zaratatik babesteko manpara batzuetan, pintadak egiteagatik.  

Pintadak gaueko 22:45 aldera egin zituzten N-1 errepidetik Lasarte-Oriarako lehenengo sarreraren parean, Irungo noranzkoan, obretan ari diren zati batean.  

Gertaeraren berri izan zuenean, Ertzaintzak zaintza-dispositibo bat jarri zuen abian inguruko errepideetan. Hiru grafitigileak Andoaingo Sorabilla auzoaren inguruan geldiarazi zituzten, alde egiten saiatzen ari ziren auto batean.  

Operazioan, Hernaniko Ertzain-etxeko agenteek pintura-espraiaren 43 pote atzeman zituzten guztira. Egitate horiengatik, hiru gazteei jabari edo erabilera publikoko ondasunei kalte egitearen delitua leporatu zieten. Akusatuek egindako pintadek 15.000 eurotik gorako kalte ekonomikoa eragin zuten.

Grafitiak Euskotrenen unitateetan

Bigarren esku-hartzea joan den larunbateko, martxoaren 7ko, gaueko azken orduan egin zuten Andoaingo Manuel Lekuona plazaren inguruan. 

Ertzaintzak, Andoaingo Udaltzaingoarekin lankidetzan, 21 eta 19 urteko bi gazte atxilotu zituen beste kalte-delitu bat leporatuta, Euskotren Sareko hainbat bagoitan grafitiak egiteagatik.  

Hainbat pertsonak Manuel Lekuona kale inguruan tren-bagoietan pintadak egin zituztela jakin ondoren, Hernaniko Ertzain-etxeko baliabideak bertaratu ziren. 

Patruiletako batek atzetik segi zion ibilgailu bati, bidaiarien jarrera susmagarria iruditu baitzitzaien agenteei. Autoa geldiarazi ondoren, ertzainek bi bidaiariak identifikatu zituzten, eta pintadetan erabilitako pinturarekin bat zetozen pintura-hondarrak aurkitu zizkieten arropetan. 

Ertzainek egiaztatu zuten Euskotren Sareko tren-bagoi batzuetan grafitiak egin zituztela eta pintura oraindik bustia zegoela, eta, gainera, pintatutako azken bagoietako baten inguruan pintura-pote batzuk zituzten hainbat poltsa aurkitu zituzten.