Categorías: albisteak-berriak

Bizkaiak Ondarearen Europako Jardunaldien 26. edizioa ospatuko du Gure eskuetan lelopean

Bizkaiak Ondarearen Europako Jardunaldien 26. edizioa ospatuko du datorren urrian, Europako Kontseiluak Europar Batasunarekin lankidetzan 1991tik bultzatzen duen ekimena. Jardunaldi hauen helburua gizartea kultura-ondarea ezagutu, baloratu eta babestearen garrantziaz sentsibilizatzea da. Gure eskuetan lelopean edizio honek ondarearen balioari eta ondarearen zaintzaren erantzukizun kolektiboari buruzko begirada zabala eta partekatua proposatzen du. Ikuspegi hau diseinatzeko kontuan hartu da Europak 2026ko ediziorako finkatu duen gaia, ardatz moduan ondarea mehatxatzen duten arriskuak eta ondarea babesteko kolektiboki jarduteko premia ezarrita. Europako Kontseiluaren proposamenak azpimarratzen du premiazkoa dela mehatxuei erantzutea, ondare kulturalak etorkizuneko belaunaldientzat esanguratsua eta eskuragarria izaten jarrai dezan.

Urrian ospatuko den Ondarearen Europako Jardunaldien aurreko hilabeteetan Bizkaiko Foru Aldundiak hitzaldi-ziklo bat antolatu du, kultura-ondarea zaintzeak dakartzan erronkei, esanahiei eta erantzukizunei buruz hausnartzeko. Saioak apirila eta ekaina bitartean egingo dira Ondare Aretoko hitzaldi-aretoan eta ondarea hainbat ikuspegitatik jorratuko duten adituak batuko dira: dokumentazioa, identitatea, emakumeen memoria eta kontserbaziorako irizpide garaikideak.

Hitzaldi hauek gizarte-, teknologia- eta ingurumen-eraldaketa sakonen testuinguruan  ondarearen zereginari buruzko eztabaida zabaltzeko balioko dute. Kultura-ondarea, materiala zein ez-materiala, baliabide bakarra eta berriztaezina da: ezin da ez kopiatu ez ordezkatu, eta galera bakoitzak memoria kolektiboarekiko haustura dakar.

Ildo horretatik Ondarearen Europako Jardunaldiak kultura eta historia nortasuna ikuspegi partekatu batetik babesteko beharraz hausnartzeko gune gisa aurkezten dira,  betiere ondarea guztion esku dagoela ulertuta: erakundeak, profesionalak eta gizartea, oro har.

Ondarearen balioan sakontzeko hitzaldi zikloa

Apirilak 21 – Conocer, proteger, difundir: el patrimonio religioso en riesgo; (Ezagutu, babestu, zabaldu: arriskuan dagoen ondare erlijiosoa)

Zikloa Raquel Cilla Lópezen, Artearen Historian doktore eta Bilboko Eleiz Museoko zuzendariaren, hitzaldiarekin hasiko da.  Bere hitzaldiak gaur egun ondare erlijiosoak dituen erronkak aztertuko ditu. Ondasun multzo hau Bizkaiko memoria historiko, artistiko eta sozialaren funtsezko zatia da, baina bereziki arriskuan dago faktore ezberdinengatik, hala nola, abandonua, erabilera galtzea, baliabide falta edo esku-hartze desegokiak.

Cillak ezagutzaren, dokumentazioaren eta plangintzaren garrantzia azpimarratuko ditu babesteko oinarri legez, eta Bilboko Elizbarrutiko Monumentu Katalogoan egiten diharduen

lana aurkeztuko du, ondasunen kontserbazio-egoera ebaluatzeko eta babes-estrategiak diseinatzeko aukera ematen duen proiektua. Era berean, Eleiz Museoak ondare horren kudeaketa integralean funtsezko erakunde gisa duen zeregina aztertuko du, katalogaziotik hasi eta zaharberritze eta hedapeneraino, eta erakundeen, espezialisten eta herritarren arteko lankidetza estuaren beharra azpimarratuko du.

Maiatzak 12 – Sustraidun pertsona eta herri eredua, ondare iturri

Bigarren saioa Jon Mentxakatorre Odriozolak, Euskal Filosofia eta Filologian doktoreak, eskainiko du, euskaraz nortasunaren, balioen eta ondarearen arteko harremanari buruzko hausnarketa eginez. Joxe Migel Barandiaranen pentsamendutik abiatuta  Mentxakatorrek nola ondarearen kontserbazioa ezin den ondare hori sortu zuten sustrai kulturaletatik, bizimoduetatik eta gizadi-ereduetatik bereizi aztertuko du. Ondarea arriskuan dagoela antzematen denean, arriskuan dagoena, ondasunak berak baino lehenago, zentzua eman zien giza atzealde hori da, hain zuzen ere. Horregatik hitzaldiak  etnologia substratu hori ulertzeko eta jasotako ondarea zaintzeko funtsezko tresna gisa aldarrikatuko du.

Oinarri horretatik abiatuta Mentxakatorrek euskal kultura espiritual eta etikoaren ezagutzaren, bilketaren eta transmisioaren garrantzia aztertuko du, ondoren euskal nortasun tradizionalean eta azken hamarkadetan balio-sistema eraldatu duten aldaketetan sakontzeko. Saioak prozesu horiek ondarearen pertzepzioan, transmisioan eta zaintzan nola eragiten duten ulertzeko giltzarriak eskainiko ditu, eta aurreko belaunaldietatik jasotako ondarea zaintzeko beharrezkoak diren jarrerak eta ekintza-ildoak proposatuko ditu.

Ekainak 2 –Los rituales femeninos de la muerte. Un patrimonio perdido o en riesgo de desaparición (Heriotzaren erritual femeninoak. Galdutako ondarea edo desagertzeko arriskuan dagoena)

Hirugarren hitzaldia heriotzari lotutako erritual femeninoei buruzkoa izango da, euskal komunitateen bizitza erlijioso eta sozialaren parte izan zen ondare immateriala. Isabel Mellén filosofo eta historialariak Erdi Arotik XX. mendera arte emakumeak protagonista izan ziren praktika horiek tenpluen arkitekturan eta hiletei lotutako kultura materialean arrasto sakona nola utzi zuten aztertuko du.

Mellének erritual hauen parte ziren eta, elizaren debekuen ondorioz, neurri handi batean desagertu diren elementu eta praktika inmaterialak arakatuko ditu. Bere esku-hartzeak ondare hori berreskuratzearen eta aztertzearen garrantzia nabarmenduko du, historia genero-ikuspegitik ulertzeko, tradizioz kontakizun ofizialetik kanpo geratu diren ahotsak eta esperientziak integratuz.

Ekainak 23 –Intervenir el pasado para iluminar el futuro. Historia, ciencia y compromiso en la conservación y restauración del patrimonio (Iraganean esku hartzea etorkizuna argitzeko. Historia, zientzia eta ondarea kontserbatzeko eta zaharberritzeko konpromisoa)


Zikloa amaitzeko Eusebio Corcuera Alonso, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Zerbitzuko Zaharberritze Tailerreko arduradunaren hitzaldia izango da. Bere esku-hartzeak kultura-ondarearen kontserbazioa eta zaharberritzea gaur egun zorroztasun zientifikoa, hausnarketa etikoa eta gizarte-konpromisoa eskatzen dituen  erantzukizun partekatua nola diren aztertuko du. Hitzaldiak ondarearen arloko esku-hartzeak bideratzen dituzten irizpide, metodologia eta erronka garaikideetan sakonduko du, ezagutza teknikoaren eta sentsibilitate historikoaren arteko orekari balioa emanez.

Izan ere, jarauntsitako legatuaren gaineko jarduketa bakoitzak memoria zaintzeaz gain, etorkizuna ere eraikitzen du.

albisteak

Compartir
Publicado por
albisteak

Entradas recientes

26_0286 Gizon bat atxilotu dute Bilbon telefono mugikorrak lapurtzeagatik eta horien jabeen banku-kontuetatik dirua ateratzeagatik

Joan den igandean, apirilaren 12an, Bilboko Ertzain-etxeko agenteek 21 urteko gizon bat atxilotu zuten, telefono…

7 horas hace

26_0285 Santurtziko taberna batean lapurreta egiteagatik atxilotu dute

Ertzaintzako agenteek gizon bat atxilotu dute, orain dela sei egun indarra erabiliz egindako lapurreta bat…

10 horas hace

26_0284 Joko-aretoetako erruleta-makinak manipulatzen zituen talde kriminal bateko burua atxilotu dute Irunen

Ertzaintzak 29 urteko gizon bat atxilotu zuen joan den ostegunean Irunen, joko-areto batean makinak manipulatzen…

10 horas hace

26_0283 Oiartzunen gizon bat atxilotu dute zirkulatzen ari ziren bi ibilgailutan kalteak egiteagatik

Ertzainek 24 urteko gizon bat atxilotu dute gaur goizaldean Oiartzunen kalte-delitu bat leporatuta, industrialde batetik…

10 horas hace

«Hondakinik gabeko jolasak» sendotu egin dira Barakaldon, 4,74ko batez besteko balorazioarekin bere hirugarren edizioan

Alba Delgado Barakaldoko Udaleko Garapen Iraunkorreko eta Ingurune Naturaleko zinegotziak «Hondakinik gabeko jolasaldiak» (Hondakinik gabeko…

10 horas hace

Barakaldoko Udalak ETSri eskatzen dio premiaz jardun dezala Burtzeña eta Irauregi arteko trenbidearen hondatze larriaren aurrean

Amaia del Campo alkateak gutun bat bidali dio ETS – Euskal Trenbide Sareko zuzendari nagusiari,…

10 horas hace