Izki Golf estatuko golf profesionalaren erakusleiho handienetako bat izango da berriro datorren astean, PGAren Binakako XXII. Txapelketa jokatuko baita bertan, III. TUMI Spain Golf Tourreko lehen proban. Txapelketari lotutako jarduera apirilaren 14an hasiko da Pro-Amarekin, eta lehiaketa ofiziala apirilaren 15ean eta 16an jokatuko da.
Txapelketaren aurkezpenean, Izki Golfeko presidente eta Lurralde Orekaren eta Lurralde Antolamenduaren foru diputatu Laura Pérez Borinagak azpimarratu du azpiegitura horrek lurraldearentzat duen balio estrategikoa: “Ez gaude golf-zelai baten aurrean bakarrik; Arabako Mendialdearentzat eta gure lurralde osoarentzat estrategikoa den azpiegitura baten aurrean gaude”.
Pérez Borinagak nabarmendu du garrantzitsua dela instalazio honek berriro ere horrelako hitzordu bat hartzea; izan ere, Arabaren irudia sendotzen du goi-mailako kirol-ekitaldiak hartzeko prest dagoen lurralde gisa, eta Arabako Mendialdeak kirolari, naturari eta turismoari lotutako helmuga gisa duen eginkizuna indartzen du.
Izki Golf Arabako Foru Aldundiak 1994an sortutako azpiegitura publikoa da; 18 zuloko ibilbidea du, 72 parekoa, eta Severiano Ballesterosek diseinatu zuen, Arabako Mendialdeko ingurune paregabean. Instalazioa kirolari, naturari, aisialdiari eta turismo-garapenari lotutako apustu publikoa da, eta Aldundiak konplexua hobetzeko eta modernizatzeko konpromisoari eusten dio, Mendialdean erreferente eta jarduera-eragile izaten jarrai dezan.
Lehiaketan gehienez 152 jokalarik, hau da, 76 bikotek, hartuko dute parte, eta Bola Onena modalitatean jokatuko da, 36 zulotan, egun bakoitzean 18. Probak 38.000 euro gehi BEZeko sari-poltsa izango du lehenengo 20 bikote sailkatuentzat, eta, horrez gain, NIN9R GAMES sari berezia ere izango du, 5.000 euro gehigarrikoa, antolakuntzak ezarritako baldintzak betetzen dituen talde irabazlearentzat.
Aurtengo edizioko izen nabarmenen artean dago Ángel Hidalgo, gaur egungo Espainiako golfaren erreferentzia nagusietako bat eta 2024ko Espainiako Openaren irabazlea; titulua Jon Rahmen aurkako play-off zirraragarri baten ondoren eskuratu zuen. Haren presentziak indartu egiten ditu maila lehiakorra eta probaren erakargarritasuna, eta Izki Golfen berriro bilduko ditu estatuko golfaren panoramako figura nabarmenetako batzuk.
Prentsaurrekoan, PGAko presidente Ander Martínezek azpimarratu du hitzorduaren maila kirol handia, txapelketak azken urteotan irabazi duen ospea eta bikotekako lehiaketa izateak duen balio berezia, batez ere banakako egutegi batean. Martínezek, era berean, klubaren, talde teknikoaren eta erakunde laguntzaileen konpromisoa nabarmendu du, proba hau zirkuituko erakargarrienetako bat izan dadin sendotzeko.
Txapelketa hau egiteak beste aukera bat ere ematen du Izki Golfek eta Arabako Mendialdeak kirola, paisaia, harrera ona eta lurralde-garapena uztartzeko duten gaitasuna erakusten jarraitzeko. Jokalarien, laguntzaileen eta bisitarien etorrerak, gainera, eskualdeko turismo-, ostalaritza- eta ekonomia-jarduera dinamizatzen laguntzen du.
Joan den igandean, apirilaren 12an, Bilboko Ertzain-etxeko agenteek 21 urteko gizon bat atxilotu zuten, telefono…
Ertzaintzako agenteek gizon bat atxilotu dute, orain dela sei egun indarra erabiliz egindako lapurreta bat…
Ertzaintzak 29 urteko gizon bat atxilotu zuen joan den ostegunean Irunen, joko-areto batean makinak manipulatzen…
Ertzainek 24 urteko gizon bat atxilotu dute gaur goizaldean Oiartzunen kalte-delitu bat leporatuta, industrialde batetik…
Alba Delgado Barakaldoko Udaleko Garapen Iraunkorreko eta Ingurune Naturaleko zinegotziak «Hondakinik gabeko jolasaldiak» (Hondakinik gabeko…
Amaia del Campo alkateak gutun bat bidali dio ETS – Euskal Trenbide Sareko zuzendari nagusiari,…