26_0086 Ortuellan gizon bat atxilotu dute kable elektrikoa lapurtzeagatik

Ertzaintzako agenteek 30 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo goizean Ortuellan, aurretik Gatikako azpiestazio elektriko batetik lapurtutako kobre-kableen bobina batzuk bere ibilgailuan kargatuta aurkitu ondoren. Harrapatu zutenean, ihes egiten saiatu zen errekara jauzi eginda.

Atzo, osteguna, goizeko bederatziak aldera, Muskizko Ertzain-etxeko dotazio batek ibilgailu batzuk ikusi zituen Ortuellako auzo batean aparkatuta. Horietako batean kable elektrikoen bobina handi batzuk zeuden, eta ondoan lau gizon zeuden, jarrera susmagarrian.

Patruila gizonak zeuden lekura hurbildu zen, kamioietako batek zeraman materiala kobrea ote zen egiaztatzeko, eta, une horretan, ihesari ekin zioten. Adierazitako materiala zeraman kamioiko bidaiariak errekara jauzi egin zuen, eta lagundu egin behar izan zioten. 

Agenteak atxikitako gizona identifikatzen saiatu ziren, ez baitzeraman inolako dokumentaziorik, eta, hasiera batean, behin baino gehiagotan, datu faltsuak eman baitzituen. Jarraian, egiaztatu ahal izan zuten bere ibilgailuan aurkitutako kobre-bobinak aurretik Gatikako azpiestazio elektriko batetik lapurtu zituztela. Horien ondoan, besteak beste, beisboleko bate bat, mazo bat, giltza ingeles bat eta kurrika batzuk zeramatzan.  

 Horren aurrean, susmagarria indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta atxilotu zuten.

Atxilotua espainiar nazionalitateko 30 urteko gizona da, eta epailearen eskuetan jarriko dute beharrezko eginbideak bete ondoren. Ikerketa zabalik dago ihes egin zuten laguntzaileen identitatea egiaztatu ahal izateko.