Kopako finala pantaila erraldoian ikusteko aukera izango da Hondarribian

Kopako finala pantaila erraldoian ikusteko aukera izango da Hondarribian

Ekimen hau Hondarribiko Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Peña Realzale Basque Txuriurdinen eta Itxaropena tabernaren arteko elkarlanari esker izango da posible. Gainera, Aldundiko Jasangarritasun Departamentuarekin lankidetzan burutuko da; hark merchandisinga jarriko du. Bestalde, Mugikortasun Departamentuak garraio publikoko zerbitzuak indartuko ditu, herritarrek jarduerez modu eroso, merke, seguru eta jasangarrian gozatu ahal izan dezaten.

Goizane Alvarez Kultura eta Kiroletako diputatuak azpimarratu duenez, ekimen honen helburua da «final historiko honen emozioa eramatea lurraldeko herri desberdinetara eta egun hori modu partekatu, ireki eta hurbilean bizitzea». Ildo horretan, honako hau azpimarratu du: «Finala estadiora edo lehiatzen den hirira joango direnek ez ezik, Gipuzkoa osoak hura sentitzeko, ospatzeko eta kolektiboki bizitzeko aukera izatea nahi dugu«.

Alvarezek azpimarratu du, halaber, «kirola gizarte-kohesiorako, nortasun partekaturako eta bizikidetzarako tresna bat dela«, eta gaineratu du «erakunde publikoetatik ere badagokigula egoera hau bezalako gertaera handiak lurralde osoan modu irisgarri eta seguruan eta aukera-berdintasunean gozatu ahal izateko baldintzak sortzea«.

Bestalde, Igor Enparan Hondarribiko alkateak azaldu du ekimena Basque Txuriurdin Realzale Peñak eta Itxaropena Tabernak egindako eskaeratik abiatu dela: “Proposamena jaso bezain pronto, Udaletik bi eragileekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan jarri ginen, elkarlanean antolatzeko. Eskerrak eman nahi dizkiet guztiei erakutsitako inplikazioagatik. Aukera paregabea izango da jai giroan elkartzeko, Realaren une historikoa partekatzeko eta Sevillara joaterik ez duten herritarrei finala gerturatzeko”.

Basque Txuriurdin Peña Realzaleko ordezkari Ioritz Mendikutek erakundeen aldetik jasotako babesa azpimarratu du: “Athleticen aurkako finalerdia amaitu zenetik argi genuen Hondarribian ospakizun bat antolatu nahi genuela. Oraingoan kalera atera nahi dugu, jendearekin batera ospatu eta pandemiaren atarian  jaiotako eta gure lagun Joseba Romeroren oroitzapena bizirik mantentzen duen peña gazte baten finkapena erakutsi”.

Azkenik, Itxaropena tabernako Ivan Saenzek halako ekimenek herriarentzat duten garrantzia azpimarratu du: “Herriarentzat horrelako ekitaldiak antolatzea beharrezkoa dela uste dugu. Reala ez da urtero iristen honelako final batera, eta aukera ona da Hondarribia dinamizatu eta elkarrekin gozatzeko”.

Publiko guztientzako egitaraua

Egitarauak kaleko animazioa, ikusle guztientzako jarduerak eta partidaren zuzeneko emisioa uztartuko ditu. Hala, eguerdian eta 17:30etik aurrera txaranga batek Hondarribiko kaleak zeharkatuko ditu, giroa berotzen joateko eta herritarrak jardunaldiarekin bat egitera animatzeko. Ondoren, 19:30etik 20:30era, animazioak Arrantzale Auzoko fanzonean jarraituko du partida hasi arte.

Musikaz eta animazioaz gain, Arrantzale Auzoan DJak, aurpegi margolariak eta hainbat sorpresa izango dira, familia, koadrila eta adin guztietako zaleek jai giroaz goza dezaten.