Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak Udako irteera-itzulera operazio bereziaren lehen balantzea egin du, eta nabarmendu du, Euskadin, Frantziatik eta Europako gainerako herrialdeetatik Portugalera eta Afrika iparraldera doazen ibilgailuen kopuruak gora egin duela. Uda honetan, nazioarteko trafikoa %4,5 hazi da 2024arekin alderatuta, eta aurreikuspenek %3,8 iragartzen zuten. Bestalde, barne-trafikoaren bolumen handiena, batez ere A-8 autobidean, Kantabriarekiko lurralde-mugan eta asteburuetan, %3,5 hazi da, eta, beraz, hemen ere gainditu egin da %3ko hazkundearen aurreikuspena.
Irungo AP-8 autobideko ordainlekuan egin dituen adierazpenetan, Olabarrik adierazi du Udako Irteera-Itzulera Operazio Bereziaren lehen asteetan baieztatu egin dela errepideko mugikortasuna urtez urte hazten ari dela; izan ere, aurreikusi bezala, erregistratutako datuak iazkoak baino handiagoak dira. Hala eta guztiz ere, oro har, zirkulazioa arin samar igarotzen ari da, auto-ilara handirik eta gorabehera nabarmenik gabe.
Nazioarteko trafikoan, litekeena da uztailaren 31rako 2.140.000 joan-etorri izatea.
Barne-trafikoari dagokionez, ibilgailuen intentsitaterik handienak asteburuetan biltzen ari dira A-8an, Kantabriarekiko lurralde-mugan: ostiral eta larunbat goizetan Kantabriarantz, eta kontrako noranzkoan igandeetan. Aurtengo ekaineko asteburu gehienetan izandako eguraldi eguzkitsuari esker, orain arteko hazkundeak hasierako aurreikuspena gainditu du. Tarte horretako auto-ilarak ahalik eta txikienak izan daitezen, bosgarren urtez jarraian, hitzartutako garabi-zerbitzua jarri da martxan trafiko gehien dabilen asteburuetan, istripua izan duten edota matxuratuta dauden ibilgailuei laguntzeko. Zerbitzu berezi horrek zazpi erreskate egin ditu orain arte (lau matxurengatik eta hiru ibilgailuen istripuengatik).
Udako lehen asteetan izan diren auto-ilara nagusiei dagokienez, Bizkaian, uztailaren 11n, ostirala, 10 km-rainoko auto-ilarak izan ziren Muskiz eta Trapagaran artean, ibilgailuen kopuru handia dela eta. Gipuzkoan, uztailaren 13an, igandea, arratsaldeko azken orduan, 11 km-rainoko ilara sortu zen A-15 errepidean, Irungo noranzkoan, Berastegi eta Villabona artean, Belabietako tunelean obrak egiteko prestatu den by-passaren ondorioz. Eta azkenik, Araban, trafiko-dentsitaterik handiena uztailaren 19an, larunbata, izan zen, N-622 eta A-1 errepideen arteko lotunean; 2,5 km-rainoko auto-ilarak izan ziren nazioarteko zirkulazioan zeuden ibilgailuen kopuru handiagatik.
Data garrantzitsuak
Irteera operazioan, nazioarteko zirkulazioan dauden ibilgailuen fluxurik handiena euskal errepideetan asteburu honetan bertan (uztaileko azken asteburuan), hau da, uztailaren 25, 26 eta 27an eta hurrengo asteburuan (abuztuaren lehenean), hau da, abuztuaren 1, 2 eta 3an erregistratuko da. Egun kritiko hauetan guztietan, Trafiko Zuzendaritzak seinaleztapen-eragiketa bereziak antolatu ditu trafikoaren arintasuna bermatzeko eta bide-segurtasuneko arriskuak minimizatzeko, honako gune estrategiko hauetan: AP-1 autobideko irteeran eta N-622 errepideko lotunean, Etxebarri-Ibiñan, Gasteizko noranzkoan, eta N-622 eta A-1 errepideen arteko lotunean, Gasteizen, Burgos/Madrilerako noranzkoan.
Eta Itzulera Operazioan, datarik kritikoenak abuztuko azken bi asteburu luzeak izango dira, ostegunetik igandera, oporretako itzulera askoz modu mailakatuagoan egiten baita, hau da, abuztuaren 21etik 24ra eta 28tik 31ra. Egun horietan, seinaleztapen-dispositibo berezia jarriko da Armiñongo lotunean, AP-1 autobidearen eta A-1 autobidearen arteko lotunean, Gasteizko noranzkoan. Puntu horretan, konoen eta seinale berezien bidez, A-1eko hiru erreietako bat lagako zaie AP-1etik modu masiboan sartzen diren ibilgailuei, segurtasunez eta 80 km/h-ko abiadura konstantean sartzea bermatzeko.
Istripu-tasa
Ekainaren 27an Irteera Operazioa hasi zenetik gaur arte bost pertsona hil dira Euskadin zirkulazio-istripuz. Hildakoak bi motor-gidari (57 urteko emakume bat Bizkaian eta 75 urteko gizon bat Gipuzkoan), txirrindulari bat (53 urteko gizon bat Gipuzkoan) eta 2 oinezko (62 urteko gizon bat Gipuzkoan eta 90 urteko emakume bat Gasteizen) izan dira.
Iazko uztailean bi hildako izan ziren.
Gomendioak
Bidaian irten aurretik, Eusko Jaurlaritzak hau gomendatzen du:
Hori guztia, istripuak saihesteko helburuarekin; izan ere Zero Biktima helburuak gogorarazten duen bezala, errepidean heriotza bakar bat ere ezin da onartu eta istripu-tasa murriztea errepideen erabiltzaile guztien esku dago.
26_0325 Gizon bat atxilotu dute gaur goizaldean Irunen aurkitu duten gorpuaren harira Gizon bat atxilotu…
26_0324 Irunen agertutako gorpu bat dela eta ikerketa abiarazi du Ertzaintzak Irunen agertutako gorpu bat…
Hiriko leku berri hau Javier Zubiria arkitekto donostiarrak proiektatu du eta inguruko agenteekin lanean ari…
Apirilaren 29tik maiatzaren 2ra izango da Cristina Enea parkean Lehen aldiz, Donostian ospatuko da Zuhaitzak…
Apirilaren 28a Laneko Segurtasun eta Osasunaren Munduko Eguna da. Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LANE) -Laneko Segurtasun…
La justicia vasca ha confirmado la pena de dos años de cárcel y tres de…