Eusko Jaurlaritzak neurri berriak iragarri ditu, hala nola Gure Artea sarien zuzkidura % 33 handitzea, artistentzako gida juridikoa egitea eta aholkularitza- eta mentoretza-zerbitzuak eskaintzea
Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Euskadiko ehun artista, galerista, museoetako arduradun, komisario, bildumagile eta kultura-eragile baino gehiago bildu ditu gaur ARCO Madrid Arte Garaikideko Nazioarteko Azokaren barruan egindako topaketan.
Ekitaldia IFEMA aretoan egin da, eta balio izan du Artearen Euskal Sistemarekin duen konpromisoa indartzeko eta ARCO gisako nazioarteko testuinguru batean Euskadiko ekosistema artistikoa indartzea helburu duten neurri berriak partekatzeko.
Lehendakariordeak aditzera eman du ARCO arte garaikidearen nazioarteko topagune nagusietako bat dela, eta Euskadik horrelako testuinguruetan egon behar duela, bere artistei babesa emateko eta Euskadiko ekosistema artistikoaren indarra erakusteko.
Topaketa horrek jarraipena ematen dio joan den otsailaren 19an Artium Museoan adierazitako konpromisoari. Izatez, Euskadiko erakunde publikoek eta museo nagusiek Artearen Euskal Sistema indartzea erabaki zuten, arte garaikidea Euskadiren kultura-nortasunaren eta nazioartean duen proiekzioaren parte gisa finkatzeko estrategia gisa.
Sistema indartzeko neurriak
Lehendakariordeak Euskadiko ekosistema artistikoa indartzeko eta artisten eta kultura-eragileen ibilbideak bultzatzeko zenbait neurri aurreratu ditu.
Lehendakariordeak adierazi du garrantzi handikoa dela sektoreari eragiten dioten gaiei heltzen jarraitzea, hala nola artearen fiskalitateari, eta ohartarazi du obren salmentari aplikatzen zaion % 21eko BEZak gure merkatua desabantailan jartzen duela Europako beste herrialde batzuen aldean.
Bengoetxeak adierazi duenez, helburua da nazioartean presentzia handiagoa izango duen sistema artistiko konektatuago eta aintzatetsiagorantz aurrera egitea.
Topaketa Basque.Art estrategiaren barruan kokatzen da. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bultzatzen duen estrategia horri esker, lau lan-ildoren bidez indartu nahi da Artearen Euskal Sistema: Euskadiko artearen nazioarteko proiekzioa; talentu artistikoaren aitortza eta babesa; artearen eta herritarren arteko konexioa; eta museoen eta kultura-zentroen arteko lankidetza. Testuinguru horretan, Basque.Art estrategiarekin lotzen den argitalpena ere aurkeztu da. Argitalpen horrek arte plastikoen eta ikusizkoen arloan Sailak babestutako argitalpen-proiektuak eta argitalpenak bilduko ditu.
Lehendakariordeak aditzera eman duenez, Artearen Euskal Sistema “ez da egitura instituzional hutsa, artistek, museoek, galeriek, erakundeek eta herritarrek osatutako sormen-komunitatea da”, eta nabarmendu du Eusko Jaurlaritzaren helburua hori indartzen jarraitzea dela, Euskadiko arteak gero eta aitortza eta presentzia handiagoa izan dezan nazioartean.
Ordezkaritza zabala
Topaketan erakunde publikoetako, museoetako, galerietako eta kultura-sektoreko eragileetako ordezkariek parte hartu dute, horien artean Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuordeak eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak, baita museo eta zentroetako arduradunek ere, hala nola Miren Arzalluz (Guggenheim Bilbao Museoa), Miguel Zugaza (Bilboko Arte Ederren Museoa), Beatriz Herráez (Artium Museoa), Edurne Ormazabal (Tabakalera), Susana Soto (San Telmo Museoa), eta Mireia Massagué (Chillida Leku Museoa).
Artistek, galeristek eta sektoreko profesionalek ere parte hartu dute eta horien artean nabarmentzen dira: Alain Urrutia, Asier Mendizabal, Damaris Pan, Gala Knörr, Ines Medina, Juan Perez Aguirregoikoa, June Crespo, Mari Puri Herrero, Prudencio Irazabal eta Susana Talayero artisten artean, eta Guillermo Carreras, Gregorio Cibrián eta Cy Schnabel, galeristen artean.
Ertzaintzak, Gernikako Udaltzaingoarekin lankidetzan, 43 urteko gizon bat atxilotu du kalean aparkatuta zeuden bi ibilgailutatik…
Ertzaintzak gizon bat atxilotu du gaur, Gipuzkoako hiriburuko ostatu batean balkoitik eskalatuz sartu eta telefono…
Ertzainek 26 urteko gizon bat atxilotu dute hilaren hasieran Arabako hiriburuan emakume bati indarkeriaz egindako…
Barakaldoko Udalak Liburuaren Eguna ospatzen du udal liburutegiek azken urtean izan duten hazkunde nabarmenari balioa…
Sari ospetsu honen bitartez, aitortu da Donostialdeko ESIk terapia aurreratuko medikamentuak maneiatu eta prozesatzeko egiten…
Ertzaintzak, Oñatiko Udaltzaingoaren laguntzarekin, 51 urteko gizon bat atxilotu du, joan den ostiralean udalerri horretan…