Categorías: albisteak-berriak

Eusko Jaurlaritzak 2021-2025 Plan Estrategikoaren balantzea aurkeztu dio Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordearen Osoko Bilkurari

  • Horrez gainera, 2025eko istripu-tasaren memoria eta balantzea eta 2026rako jarduera-plana ere aurkeztu dira

Joana Egiluz Eusko Jaurlaritzako Babes Zibileko sailburuordeak eta Estibaliz Olabarri Trafikoko zuzendariak 2021-2025eko Euskadiko Bide Segurtasuneko eta Mugikortasun Seguruko eta Iraunkorreko Plan Estrategikoaren balantzea aurkeztu dute gaur goizean Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordearen Osoko Bilkuran. Gainera, 2025ean burututako jardueren memoria aurkeztu dute, eta 2026rako aurreikusitako jarduera-plana ere aurreratu dute.

Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordearen Osoko Bilkuraren urteko bilera Bilbon, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroan, egin da. Bileran izan dira udaletako eta hiru foru-aldundietako ordezkariak, bide-segurtasunaren arloko eskumenak dituzten Eusko Jaurlaritzako sailetako ordezkariak (Hezkuntza, Osasuna, Garraioa, Larrialdiak), Euskadiko Bide Segurtasuneko Fiskaltza, trafiko-istripuen biktimen elkarteak eta mugikortasuna hobetzean inplikatutako hainbat sektore ekonomiko eta profesionaletako gizarte-eragileak.

Plan Estrategikoaren balantzea

Joana Egiluz Babes Zibileko sailburuordeak Euskadiko Bide Segurtasuneko eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorreko 2021-2025 Plan Estrategikoaren balantzea aurkeztu du. Aldi horretan, besteak beste, Bide Segurtasunaren aldeko Euskal Ituna sinatu da, 8 trafiko-plan espezifiko protokolizatu eta automatizatu egin dira, bide-segurtasunari buruzko 65 ebaluazio-txosten eta azterlan espezifiko egin dira, unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako 82.990 ikaslek parte hartu dute mugikortasun segururako hezkuntzako programa eta plan espezifikoetan, 11.381 adinekok parte hartu dute harrapaketak prebenitzeko sentsibilizazio-saioetan, 774 motorzalek hartu dute parte motozikleten gidatze seguruari buruzko ikastaroetan, ingeniaritza-arloak 9 aplikazio garatu ditu Euskadiko bide-sarean bide-segurtasunaren babesa areagotzeko, besteak beste, atxikipenen jarraipena denbora errealean egitea, garraio berezien geoposizionamendua eta eguraldi-iragarpenak bezalako arloetarako.

2025eko jardueren Memoria

Bestalde, Trafikoko zuzendari Estibaliz Olabarrik 2025eko istripu-tasaren balantzea aurkeztu du. Urte horretan 42 pertsona hil ziren zirkulazio-istripuz, 2024an baino 5 gehiago eta 2023an eta 2022an baino 2 gutxiago. Araban igo egin zen trafiko-istripuz hildakoen kopurua aurreko urtearekin alderatuta (17 hildako, aurreko urtean baino 8 gehiago), baina jaitsi egin zen Gipuzkoan (17 hildako, aurrekoan baino 2 gutxiago) eta Bizkaian (8 hildako, aurrekoan baino 1 gutxiago).

2025eko Memorian jasotako beste jarduera batzuk honako hauek dira: 65 urtetik gorakoen artean harrapaketak eta bestelako istripuak prebenitzeko sentsibilizazio-programak eta gazteei zuzendutako “Don ‘t be Dummy” egitasmoa sendotu direla; motozikletak segurtasunez gidatzeko ikastaroak, MOTOformakzioa; bide-segurtasunarekin konprometitutako enpresak biltzen dituen Innovabide Sarea zabaldu dela; edo Trafikoko Jardunaldi Profesionala burutu dela, formatu presentzialean eta birtualean Gasteizko Goiuri Jauregian.

2026rako Jarduera Plana

2026rako aurreikusitako jardueren barruan, kolektibo kalteberei zuzendutako prestakuntza-, prebentzio- eta sentsibilizazio-programa espezifikoak indartzea nabarmentzen da. Trafiko Zuzendaritzaren eskumeneko bideetan bide-segurtasunaren babesa areagotzeko tresna teknologikoak garatzen jarraituko da. Eta lan-eremuan, euskal enpresa-sareak laneko bide-segurtasunarekin duen konpromisoa sustatzen jarraituko da, Innovabide proiektuaren bidez.

Era berean, Euskal Poliziak 33 zaintza- eta kontrol-kanpaina egingo ditu errepideetan, istripu larriak eragiten dituzten arrisku-portaerak prebenitzeko. Istripu-kausa nagusietan jarriko da arreta, hau da, abiaduran eta distrakzioetan, eta baita motorzaleen kolektiboan ere.

albisteak

Compartir
Publicado por
albisteak

Entradas recientes

26_0314 Gernikan atxilotu dute ibilgailuetan eta salmenta-makina batean lapurreta egiteagatik

Ertzaintzak, Gernikako Udaltzaingoarekin lankidetzan, 43 urteko gizon bat atxilotu du kalean aparkatuta zeuden bi ibilgailutatik…

47 minutos hace

26_0313 Donostian gizon bat atxilotu dute ostatatuak barruan zeudela apartamentu batean indarra erabiliz lapurreta egiteagatik

Ertzaintzak gizon bat atxilotu du gaur, Gipuzkoako hiriburuko ostatu batean balkoitik eskalatuz sartu eta telefono…

47 minutos hace

26_0312 Gasteizen indarkeriaz egindako lapurreta baten egileetako bat atxilotu dute

Ertzainek 26 urteko gizon bat atxilotu dute hilaren hasieran Arabako hiriburuan emakume bati indarkeriaz egindako…

47 minutos hace

Barakaldoko liburutegien sareak %41 igo ditu liburu-maileguak azken urtean

Barakaldoko Udalak Liburuaren Eguna ospatzen du udal liburutegiek azken urtean izan duten hazkunde nabarmenari balioa…

7 horas hace

Osakidetzak nazioarteko Quality Innovation Award-QIA saria jaso du tratamendu eraginkorrik ez duten gaixotasunentzako terapia aurreratuetan egindako kudeaketagatik

Sari ospetsu honen bitartez, aitortu da Donostialdeko ESIk terapia aurreratuko medikamentuak maneiatu eta prozesatzeko egiten…

7 horas hace

26_0311 Oñatin emakume bati sexu-erasoa egiten saiatu zen gizonezkoa atxilotu dute

Ertzaintzak, Oñatiko Udaltzaingoaren laguntzarekin, 51 urteko gizon bat atxilotu du, joan den ostiralean udalerri horretan…

1 día hace